- Sokatira
Sakanak irabazi du denboraldiko lehenengo txapela
DONOSTIA
Sokatiran, Sakanak Nafarroako 520 kiloko txapela jantzi zuen larunbatean, eta denboraldi honetako lehenengo helburua, behintzat, lortua dute.Bigarren eta azkeneko jardunaldia jokatu zuten pisu horretan, eta Arbizukoak ziren garaipena eskuratzeko faboritoak. Ez zuten hutsik egin, bigarren saioa ere bereganatu baitzuten. Bigarren posturako izan zen, ordea, demarik handiena. Lehen jardunaldian, Beti Gazte A taldeak aurrea hartu zuen; bigarrenean, ordea, Beti Gazte B izan zen aurretik, eta amaieran sailkapen nagusian berdinduta amaitu zuten. Horretarako, kitarako lehia jokatu zuten, eta Beti Gazte B taldea nagusitu zen. Horiek hala, honela geratu da sailkapen nagusia: Sakana txapeldun 6 punturekin, bigarren Beti Gazte B 3 punturekin, eta hirugarren eta azkena Beti Gazte A, talde hori ere 3 punturekin. Mutiletan, 600 kiloko lehen jardunaldia jokatu zuten, eta ez zen ezusterik izan.Beti Gaztek eraman zuen txapela.Lesakarrek aurten txapel bat irabazita daukate, eta bigarrena ere berena izango da datorren asteburuan ezusteren bat gertatzen ez bada, behintzat. Bigarren postuan, Berriozar sailkatu zen, aurrekoekin galduta eta gainerako tiraldiak bereganatuta. Hirugarren posturako lehia handia izan zen Amaiurko bi taldeen artean. Azkenean, B taldeak lortu zuen, irabazi egin baitzion A-ri, bai eta Txantreari ere, nahiz eta Beti Gazterekin eta Berriozarrekin galdu zuen. Laugarren, Amaiur A taldea geratu zen Txantreari bakarrik irabazita. Azken horiek geratu ziren azkeneko postuan, saioko tiraldi guztiak galdu baitzituzten. EuskalHerriko Launakako Txapelketak ere aurrera jarraitzen du, eta aste honetan hiru saio jokatu dituzte. Larunbatean, Pobesen, 360 kiloko taldeak neurtu ziren. Joan den astean, beste pisuan, Abadiño jaun eta jabe izan zen hiru multzotan nagusitu baitzen, baina pisu horretan, Auzolanek pisu batean aurrea hartu dio. Astigarragakoak nagusitu ziren B multzoan; eta bestean, berriz, Abadiño A izan zen onena. Aurtitzen,nesketan 240 kilotan, Gaztedi A eta Gaztedi B berdinduta geratu dira. BigarrenMailan, mutiletan, Izaskun nagusitu da 340 kiloko lehen jardunaldian.
|