- Apustua
Olasagasti eta Mindegia Tolosan neurtuko dira abenduaren 17an
·Bakoitzak 18.000 euro jokatuko ditu dirutan, eta sarreren irabaziak banatu egingo dituzte
DONOSTIA
Azkenean ados jarri dira Miel Mindegia eta Joxemari Olasagasti, eta abenduaren 17an neurtuko dira Tolosako zezen-plazan. Aizkolari bakoitzak 24 kana-erdiko moztu beharko ditu, eta alde bakoitzak 18.000 euro jarriko ditu dirutan. Sarreren irabaziak erdi bana banatuko dituzte, eta enborrak ere erdi bana eramango dituzte plazara. Jarri ere horrela egingo dituzte.Hirugarren deia zen atzo bi aizkolarien artean.Lehenengoan, Mindegiak bota zuen desafioa. Berak, hasteko, edozeini bota zion, Larretxea eta Nazabal kenduta, baina gehienek Olasagastiri zuzendutakoa zela ulertu zuten. Igeldokoa, ordea, ez zen agertu. Bigarren deia Olasagastik egin zuen, eta horrek Mindegiari zuzendu zion. Ezkurrakoa joan zen joan den ostiralean egin zuten bilerara, baina ez zen akordiorik egon. Arazoa diruarena izan zen. Olasagastik 36.000 euro jokatu nahi zituen, eta Mindegiak 18.000 baino gehiago ez zituen jokatu nahi. Hala ere, Mindegiak ez zuen etsi, eta atzoko egin zion deia Igeldokoari. Azkenean heldu da akordioa, eta abenduaren 17an ikusi ahal izango da norgehiagoka hori. Mindegia gogoz azaldu zen desafioa sinatu ostean: «Biek geneukan hau egiteko gogoa, eta azkenean lotu dugu. Hemendik aitzinera lan egin beharko dugu, hau guztia prestatzeko beharko baitugu», esan zuen Ezkurrakoak. Hala ere, apustua eginda gustura zegoen: «Biok genbiltzan hau egin nahian, baina aurreko ostiraleko bileran arazoa diruarena izan zen. 36.000 euro gehiegi zen niretzat, eta uste dut 18.000 euro nahikoa badela apustu bat jokatzeko», erantsi zuen. Dudarik gabe, apustu horrek ikusmin handia piztuko du. Alde batetik, inoiz jokatu den diru kopururik handienetakoa izango baita. Bestetik, Gipuzkoako eta Nafarroako txapeldunak neurtuko dira, eta Mindegia bera hor ikusteak zaleen grina piztuko du, Ezkurrakoak aldeko asko baititu. Azkenaldian egin diren aizkora apusturik gehienetan, Olasagasti tartean izan da, eta azken batean eskertu egin beharko da bere grina, apustua bizirik jarraitzeko bera bezalakoak behar baitira. Azkeneko apustua joan den apirilean jokatu zuen Lasaren eta Otañoren aurka. Iaz ere bi apustu handi jokatu zituen Igeldokoak. Lehengo Azurmendiren aurka neurtu zen aizkoran, eta gero, Erasunen aurka, aizkoran eta segan. Beraz, aurten ere, iaz bezalaxe, bi apustu jokatuta amaituko du urtea Igeldokoak. Mindegiak, berriz, azkeneko apustua orain dela bost urte jokatu zuen Arria V.aren aurka. Hura irabazi egin zuen, eta orain beste urrats bat egitea erabaki du. 57 urte ditu, baina sasoi betean dago, eta horixe erakutsi nahiko du datorren abenduaren 17an.
|