Estereotipoak apurtu gura dituen kanpaina, genero indarkeria salatzeko
Eudelek eta Emakundek sustatutako Berdinsarearen ekimenean, EAEko 41 udaletan sentsibilizazio kanpaina bateratua egingo dute Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunari begira. Kanpainak izango duen mezu berritzailea nabarmendu dute, arazoari beharrean, irtenbideari heltzen diolako.
BILBO
Eudelek eta Emakundek kanpaina bat jarri dute abian hilaren 25ean izango den Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunari begira, Berdinsarea ekimenaren bitartez. Udal sare horretan dauden 31 udalerri atxiki dira, Bilbo, Gasteiz eta Donostia barne, eta laster sare horretan izango diren beste 10 udalerri gehitu dira. Eudelen izenean, Miren Dobaran Berangoko alkateak azaldu zituen kanpainaren nondik norakoak, eta horren diseinuan jarri zuen arreta. “Denon artean, aldaketa posiblea da” mezua izango du, eta «estereotipoetatik ihes egin» duela nabarmendu zuen. Izan ere, batez ere orain arte irudietan eraso fisikoak azaltzeko izan den joera eten du, eta kaltetuak maila sozial baxukoak direlako ideia baztertzen du. «Arazoa beharrean, irtenbidea azaltzen da», argitu zuen. Alde horretatik, ubelduraren ordez, pentsamendu morea duen emakume bat agertzen dela esan zuen Dobaranek, eta arazoari beharrean, «konponbideari heltzen» zaiola esan zuen. «Pieza honen bitartez, indarkeria jasaten duten emakumeek etorkizun hobea ikus dezaten nahi dugu», esan zuen. Mezu hori duten 170.000 triptiko eta 160.000 eranskailu sartuko dituzte postontzietan; 5.000 kartel inguru jarriko dira; eta kanpaina aurkezteko 76.000 postal bidaliko dituzte. Gainera, hilaren 25ean, 84.000 zapi banatuko dituzte tabernetan, eta pankartak eskegiko dira udaletxeetako balkoietan. Bestalde, 41 udalek erakunde adierazpen bat eramango dute osoko bilkuretara, azaroaren 25eko ekitaldiak direla-eta. Izan ere, kanpainaren helburuez Dobaranek argitu zuen nazioarteko eguna iragartzeaz gain, mezu negatiboetatik ihes egin eta etorkizun itxaropentsua aurkeztu nahi dutela. Izaskun Moyua Emakundeko zuzendari nagusiak arazoa larria dela azaltzen duten datuak aipatu zituen, eta «punta-puntako arazo sozial eta politikoaren» garrantzia nabarmendu zuen. Moyuak adierazi zuenez, iaz lau emakume hil ziren bikotekideen erasoen ondorioz; tratu txarrengatik, Ertzaintzak 2.824 salaketa jaso zituen; eta 317, sexu askatasunaren aurkako delituengatik. Moyuak gaineratu zuen aurtengo lehenengo seihilekoan indarkeriak eragindako beste emakume bat hil dela. Gainera, Ertzaintzaren polizia etxeetan tratu txarrengatik 1.387 salaketa jarri dituzte, eta sexu askatasunaren kontrako delituengatik, 125.
|