BAIONA
Delitugintzari Aurrea Hartzeko Nicolas Sarkozyren lege egitasmoaren kontra protesta egiteko, elkarretaratzea antolatu du Euskal Herriko Salaketaren kontrako Kolektiboak. Larunbatean izanen da, azaroaren 18an, Baionako herriko etxearen aitzinean, arratsaldeko bostetan.Lege proposamena Estatu frantseseko Asanblea Nazionalean azaroaren 20an aurkeztuko dute. Lege proposamenaren kontra egiteko, Salaketari Erresistentzia egiteko Kolektibo Nazional Baterakoiak protesta eguna antolatu du estatuan. Hartara, Parisen manifestazio handi bat eginen dute azaroaren 18an. Estatuko protesta egunean sartzen da Baionako elkarretaratzea.
Protesta egunaren berri emateko eta gizarteari Delitugintzari Aurrea Hartzeko legeak dakartzan arriskuak ezagutarazteko, informazio orriak banatuko ditu kolektiboak. Urriaren 17ko protesta egunean ikasle anitz manifestatu ziren, eta horiek jakinaren gainean ezartzeko, lizeoetan informazio orriak banatuko dituzte; bestalde, denda eta merkatuetan ere zabalduko dituzte.
Azkenik, zenbait ospitaletan ere banatuko dute informazioa osasunean lanean aritzen diren langile askorengan eragin zuzena izanen baitu Asanblea Nazionalean bozkatu behar duten Sarkozyren lege horrek.
«Askatasun hiltzailetzat» jo dute Salaketaren kontrako Kolektiboko kideek Barne ministro Nicolas Sarkozyk proposatu duen legea.