BAIONA
Baionako, Angeluko eta Biarrizko hiri elkargoak Hotz Handia plana aurrera eramaten duten elkarteetako ordezkariekin hitzarmena sinatu zuen atzo arratsaldean, elkargoaren egoitzan. Plana abiatzeko elkarteek nahitaezkotzat jotzen zuten egoitza egonkorra erabiltzeko hitzarmena sinatu zuten atzo. Plana aurrera eramaten duten elkarteek irailaren erdialdean adierazi zuten aurreko urteetako egoera latza berriz gertatzen bazen, aurten etxerik gabeko jendeari aterpea ez ziotela emanen. Plana abiatzeko eraikin egonkor bat eskatu zuten, eta CABABk Angeluko Blancpignon auzoan dagoen hiltegi ohiaren zuzendariaren etxea utziko du.
Hotz Handia plana garatzeko finantzaketa Estatu frantsesak ematen du, eta diru hori eskatzeko azken eguna azaroaren 7a zen. Data horretan elkarteek ez zekiten lokala izanen zuten edo ez, baina badaezpada ere diru-laguntzak eskatu zituzten. Horiek hala, abenduaren 15ean hasiko den Hotz Handia plana abiatzeko baldintza guztiak betetzen dira orain.
Plana bultzatzen duten sei elkarteen artean dago Point Accueil Jour, eta bertako Christian Muratek adierazi zuen egungo lokalarekin oso pozik daudela. Iaz, egunero 25 bat pertsona izaten zituzten gaua pasatzen, eta lokal berriarekin 25 eta 30 pertsona artean hartzeko gaitasuna izanen dute. Gainera, emakumeentzako tokia ere izanen da, aurreko urteetan ez bezala. Halaber, etxerik gabeko jendearentzat askoz atseginagoa izanen da, intimitate handiagoa eskaintzen duelako.
Egoitza berria Angeluko auzo batean dago eta bertan ez dago etxebizitzarik. Modu horretan, jendea lasai egonen dela ere adierazi zuen Muratek. Bestalde, Hotz Handia planerako erabiltzen ez denean sasoiko langileentzat erabili ahal izanen da egoitza hori, atzo agertu zutenez.