IRUÑEA
Jagoleak kontratatuko ditu La Montañesa autobus konpainiak azken boladan gertatzen ari diren istiluei aurre egiteko. Heldu den hilabetean hasiko dira lanean, oraindik zein lineatan ez badakite ere, «bi edo hirutan izan baitira arazoak ostiral eta larunbat gauetan». Enpresako kideei ez zaie iruditzen alarma pizteko arrazoirik dagoenik, baina beharrezkotzat jotzen dute neurriak hartzea istiluak zabal ez daitezen. Uste berekoa da UGT ere, eta horrelakorik berriro ez gertatzeko eta langileen segurtasuna ziurtatzeko neurriak har ditzatela exijitu die enpresari eta Iruñerriko mankomunitateari.
Ibilbide eta ordu batzuetan gidariei eraso dietela salatu du, eta Zizurtik Iruñeko erdialdera joan ohi den linean gertatu zena jarri du adibidetzat: «Gidaria iraindu zuten; pixa egin zuten autobus barrenean; eserlekuak beren tokitik ateratzen ahalegindu ziren eta suziriak jaurti zituzten. Gainera, motorraren tapa altxatu zuten eta botilak bota zituzten ibilgailuaren kontra zubi baten azpitik igarotzen ari zenean».
Bertze gidari bati gertatu zitzaiona ere salatu du sindikatuak. Azaroaren 3a zen, eta Barañaindik Uhartera zihoazen bidaiariak. Helmugara ailegatu zirelarik, autobusetik jaitsi eta tabako dendara abiatu zen langilea. Une hori aprobetxatu zuten bi gaztek gaiztakeriak egiteko. «Lata bat jaurti zioten eta gidariak halakorik ez egiteko erran zien. Orduan, hitzik egin gabe, harengana joan, heldu, lurrera bota eta sekulako astindua eman zioten», azaldu dute UGTkoek.
La Montañesako langile atzerritarrek «gero eta sarriago jasan behar izaten dituzten irainak» ere aipatu ditu sindikatuak. «Jarrera arrazistaren eta faxistaren adierazgarri dira horrelako gertakariak. Gutxi dira pertsona horiek, baina horrek ez du erran nahi arriskutsuak ez direnik», ohartarazi du.
Ekintza horiek guztiak oso serio hartu behar direla uste du UGTk, ez direlako «kasu solteak». «Gero eta maizago gertatzen dira eta langileen segurtasuna jartzen dute kolokan. Horregatik egin behar zaie aurre garaiz».