BAIONA
Hezkuntza Nazionalarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin sinatua duen hitzarmenaren arabera, IKASek ikas-materialgintzako zerbitzu publikoa ematen du. Euskara irakasten duten lau sareen federazio egitura da IKAS; hau da, hezkuntza publikoak, hezkuntza pribatu katolikoak, Seaskak eta AEK-k osatzen dute.148.000 euroko diru-laguntzak IKASen jardunbidea ziurtatuko du. Bestetik, liburuak argitaratzeko beste diru-laguntza bat eskuratzen du pedagogi zerbitzuak. Dirutza hori 25 argitalpen ateratzeko baliatu izan du, eta 2000. urtean hasi zen eta 2006an bukatuko den 900.000 euroko finantzaketa akordioa izan da. Azken diru-laguntza hori IKASek ez beste erakundeek ere baliatu dute. Heldu den urtean berriro ere hitzartu behar izango dute diru-laguntza hori. Beste alde batetik, Euskararen Erakunde Publikoak hurrengo urtean zehaztuko duen hizkuntza politikan IKASi emango dion diru-laguntza erabakitzeke dago.
IKASeko presidente Mixel Jorajuriak hitzarmenari buruz adierazi zuen: «Izenpetzea aitzinamendu handia da, azken hamar urteetan egin den lanaren ondorioa». Honakoa gehitu zuen: «Bidea zaila izan da honaino, baina erabakiak hartzen dituzten pertsonekin, behintzat, aurrerapauso handia eman da norabide onean».
Izan dituzten zailtasunei pixkanaka-pixkanaka hitzen eta idatzien bitartez aurre egin dietela adierazi zuen pedagogi zerbitzuko presidenteak. «IKASen zeregina beharrezkoa dela nabarmen uztea lan handia izan da euskararen alde lan egiten dutenen artean, baina gogorrena erabakiak hartzen dituzten erakundeei lan hori agerraraztea izan da», adierazi zuen. Erakundeak aipatzean Jorajuriak Departamenduko, Eskualdeko eta Estatuko Dokumentazio Pedagogikoko zerbitzuak izendatu zituen.
Euskararen Erakunde Publikoko presidente Max Brissonek hitzarmen horrekin «beste garai bati hasiera» ematen zaiola adierazi zuen. Eta «lankidetza tekniko baten hasieran» direla gehitu zuen. Hezkuntza Nazionaleko Bordeleko Akademiako Errektore eta Akitaniako Unibertsitateko Kantzelari William Marois-ek, berriz, gaur egun euskaraz ikasten duten 10.000 ikasle daudela gogorarazi zuen, eta, bestalde, IKAS zerbitzuarekin» engaiatzen direla adierazi zuen; izan ere, «kalitateagatik ezaguna da.
Hitzarmenak ekartzen dituen alderdi onez gain, IKASeko arduradunek pedagogi zerbitzuaren egoitza txikiegia gelditu zaiela jakinarazi zuten. Gaur egun Uztaritzeko Lota jauregian dagoen egoitzak zerbitzuak izan duen bilakaerari aurre egitea ezinezkoa izan dela erakutsi du. Horregatik, IKAS Uztaritzeko Herriko Etxearekin elkarlanean ari da hirian bertan beste egoitza bat atzemateko. Egoitzari buruz EEPko presidenteak honakoa adierazi zuen: «Herriko Etxearen ondoan izanen gara lokalaren arazoa konpontzeko».
8 edo 9 lan ateratzen ditu urtero
IKASek
IKASek Lehen Hezkuntzarako material pedagogikoan du indar handien oraingoz. Maila horretan lan handia egin du. Material pedagogikoa sortzen du, bai idatzia, baita entzutekoa ere. Izan ere, ahozkotasuna landuta euskaldun osoak lortzeko xedea du. Haurrentzako literaturan, arrakasta izan duten lanak itzultzen ditu, zenbait ikasgaitako liburuak bezala. Bigarren Hezkuntza du hurrengo erronka. -