|
|
|
|
|
President´s Award 2006 saria Euskal Herrira bidean da
Edinburgoko dukeak eman zion atzo Ikastolen Elkarteko ordezkaritzari ESU President´s Award 2006 saria, «Space Search» CD-Romari eman diotena. English-Speaking Union fundazioaren egoitzan izan zen sari banaketa, Buckingham jauregian. Saria ingelesa erakusteko material didaktikoei ematen zaien ospetsuenetakoa da eta Britainia Handitik kanpo egindako material bati ematen dioten lehen aldia da.
|
LONDRES
Ikastolen Elkartean gustura daude atzo Londresen jasotako sariarekin. Ez da gutxiagorako, ESU President´s Award 2006 saria ingelesa erakusteko material didaktikoei ematen zaien ospetsuenetakoa baita eta, gainera, duela lau urte hasi zenetik Britainia Handitik kanpoko material bat nabarmentzen duten lehen aldia da.Sari banaketa arratsaldeko hirurak puntuan hasi zen English-Speaking Union fundazioak Buckingham jauregian daukan egoitzan eta Edinburgoko dukeak eman zion saria Ikastolen Elkarteko ordezkaritzari. GIEko lehendakari Joxerra Zubizarretak agertu zuenez, 50 bat minutu iraun zuen ekitaldiak eta bi parte izan zituen; lehen zatian sariak banatu zituzten eta ondoren saridunekin mintzatu zen Edinburgoko dukea. «Saria jaso ondoren Euskal Herriaz eta ikastolez hitz egiteko aukera izan dugu eta ondoren dukearekin berarekin luze egon gara. Epaimahaiko burua ere etorri zaigu eta CD-ROMa bere bilobekin probatzeko aukera izan duela esan digu eta ez duela atzerriko hizkuntza bat ikasteko bakarrik balio, bere bilobak jatorriz ingelesak izanik ere oso ondo pasatu baitute», kontatu zuen GIEko lehendakariak. Ekitaldian Joxerra Zubizarretarekin batera Eleanitz-English programaren arduradunak egon ziren, Itziar Elortza, zuzendaria, eta Diana Lindsay, koordinatzaile pedagogikoa. Izan ere, saritutako CD-ROMa Eleanitz-English proiektuaren barneko materiala da. Lehen aldia da Britainia Handitik kanpo egindako material didaktikoei sari hori ematen zaiena. Azken lau urteotan, Cambridge University Press, Oxford University Press eta ingeleseko hiztegiak egiten dituen McMillan argitaletxea izan dira hurrenez hurren sarituak. Aurten Gipuzkoako Ikastolen Elkarteari eman diote.
Ez da sarirako prestatutakoa
LONDRES «Ez da izan inondik ere sarian pentsatuta egindako CD-ROMa, aspaldidanik martxan dagoen proiektu baten barruan garatutakoa baizik», agertu dute Ikastolen Elkartekoek. Eleanitz-English proiektua 1991n jarri zen martxan lau urteko ikasleekin modu esperimentalean zortzi ikastoletan. Gaur, 73 ikastolak hartzen dute parte eta 25.000 ikasle ari dira ingelesa modu horretan ikasten. Horietatik 2.000 azken fasean daude eta Gizarte arloa ingelesez ari dira ematen.
|
|
|
| |
|
|
|
|
|