Azken lau urteotako Leonidas izar erauntsi handiena, igandean
DONOSTIA
Ezohiko ikuskizuna izanen da igande egunsentian, azken lau urteotako Leonidas izar iheskor erauntsirik handiena izango baita. Hala iragarri dute Kanarietako Astrofisika Institutukoek behintzat. Azaroaren 18tik 19rako gauean oso Leonidas erauntsi bizia izango dela uste dute aditu horiek, heldu diren hiru hamarkadetako biziena.Astronomoek esandakoaren arabera, Tempel-Tuttle izeneko kometak 1932an igorri zuen partikula laino itxi bat zeharkatuko du gure planetak igande goizaldean. Horrek izar iheskor erauntsi bizia eragin dezake, Euskal Herritik ikusteko modukoa. Ikuskizunak ordu erdi inguru iraunen du eta seiak laurden gu- txitan izanen du puntu gorena. Kanarietako Astrofisika Institutuko ikertzaile David Martinezen aburuz, «aurtengo Leonidas izarren azterketak denboraren arabera partikulen dentsitate profilak zeintzuk diren jakitea ahalbidetuko du». Horrela, eredu teorikoen iragarpenekin alderatu ahal izanen dira, baita etorkizuneko ekaitzen berri izan ere. Partikulek zein osagai kimiko dituzten ere ikertu ohi dela azaldu du Martinezek. Eta elementu organikoak aurkituz gero, baita meteoroek ilargiarekin dituzten inpaktuak eta gure planetaren goi-atmosferaren baldintza fisikoak ere. Garrantzitsua iru- ditzen zaio astronomoari Leonidas izarren osagai kimikoak zeintzuk diren jakitea, sortu zituen kometarenekin lo- tuta daude-eta. Kometak eguzki-sistemako jatorrizko materiaz eginak daudela uste dute adituek.
Ilargirik gabe Igande goiztiriko zerua argituko duten izar iheskorrak zehazki zenbat izanen diren jakin ezin bada ere, orduko 150 meteoro baino gehiago izanen direla iragarri dute Kanarietako astronomoek. Ez da ilargirik izanen ortzian. Beraz, ezin hobeki ikusi ahalko dira izarrak zeruko edozein norabidetan, hiriguneetako argi kutsaduratik urrunduz gero behinik behin.
Leonidas meteoro erauntsia urtero gertatzen da, beti azaroan. Gure planetak leku hodeitsu bat zeharkatzen du garai horretan, Tempel-Tuttle kometak kanporatutako hauts partikulak nagusi diren toki bat. Eguzkiaren haizeak eta argiak mugiarazten ditu laino horiek, eta milaka urteren buruan sakabanatu egiten ditu denak.
Izar iheskorren sorrera
Nahiz eta oso txikiak diren, orduko ehunka mila kilometro egin ditzakete meteoroek. Hargatik sorrarazten dute halako argitasuna Lurreko atmosferaren gainaldeko geruzekin talka egiten dutelarik. Orduan jaiotzen dira gizakiaren begientzat hain deigarriak diren izar iheskorrak, energia zinetikoa bero bihurtzen denean.
|