Nondik heldu? Karrantzatik heldu. Nora heldu? Iruñera heldu. Zeri heldu? Korrikari heldu. Zergatik heldu? Euskarak behar gaituelako. Horiexek dira Euskal Herriko pareta guztietan jakin-mina sorrarazi duten leloen erantzunak. Horixe baita 15. Korrikaren lelo nagusia: heldu.Datorren martxoaren 22an ekingo dio bideari Korrikaren 15. aldiak eta aurtengoan Bizkaiko Enkarterri izango du sorleku, Karrantzatik abiatuko baita 2.200 esku baino gehiagok oratuko duten Korrikaren lekukoa. Helmuga, aldiz, Nafarroa izango du, Iruñean barrena egingo baititu azken kilome- troak euskaltzaleen uholdea bilduko duen martxak.
Lau hilabete pasatxo falta baldin badira ere, AEK Korrikaren antolaketa lanetan bete-betean sartuta dabil dagoeneko. Hala ere, AEK koordinakundearen lanarekin soilik Korrika antolatzea ezinezkoa dela nabarmendu eta antolaketan parte hartzeko dei egin zuen Mertxe Mujika AEK-ko koordina- tzaile nagusiak atzo Donostian egindako agerraldian.
Euskarak aurrera egin dezan denon beharra duen moduan, AEK-k ere euskal gizartearen sostenguaren premia du Korrika antolatzeko eta sostengu horri bide emateko Korrikaren laguntzaile kanpaina jarri du abian AEK-k.
Korrika-laguntzailea izan nahi duenak 12 euroko diru laguntza eman behar dio Korrikari, eta Korrikaren orratza eta ehunka saltokitan beherapenak lortzeko txartela jasoko du etxean kopuru horren truke.
Beste edizioetan Korrika laguntzen izan direnek etxean jasoko dute bete beharreko bonua. Korrikaren laguntzaile berriek, aldiz, www.korrika.org webgunean, AEKren euskaltegietan edota laguntzaile diren taberna eta dendetan izango dute eskuragai bonoa.
Korrika egin den aurreko urteetan 20.000 laguntzaile inguru bildu zituztela jakinarazi zuen Edurne Brouardek, 15. Korrikaren arduradunak, eta aurten ere, kopuru hori eskuratzeko asmoa azaldu zuten.
Oraingoz bi dira AEK-k eskuratu dituen Korrikaren
laguntzaileak, baina ez dira nolanahikoak. “Kutsidazu bidea Ixabel” filmeko
protagonista Ixabel eta Juan Martin dira horiek, Ainere Tolosa eta Mikel Losada,
hain zuzen ere.
Gau-eskolen beharrak ase
Donostiako agerraldian bilakatu ziren Korrika-laguntzaile euskararen mundutik datorren euskaldun zaharra eta euskararen mundura heldu den euskaldun berria. «Euskarak behar gaituen moduan, guk ere behar dugu euskara», adierazi zuten. Korrikari eskainitako 12 euroekin guztiok aberastuko garela deritzote bi aktoreek. Brouardek euskararen eremu osoan euskarak izan eta bizi behar duela adierazi eta Korrikaren 15. aldian lortzen duten dirua Nafarroako gau-eskolak dituzten beharrak asetzeko erabiliko dutela adierazi zuen.
Euskararen aldeko lanean jarduteko AEK-k dituen baliabide urriak eta oztopoak handiak direla-eta, konpromisoa eskatu dio euskal gizarteari. Lekukoari, herriari, hitzari, euskarari eta elkarlanari heltzea da AEKren eskakizuna. -