«Zalakain abenturazalea» eta «Jakintzaren arbola» euskaraz irakur daitezke
Pio Baroja hil zela aurten 50 urte bete behar zirela-eta, iaz, Lakuako Kultura Sailak, Literatura Unibertsala bilduma egiteko EIZIE itzultzaile elkartearekin duen hitzarmenaren barruan, «Zalacain el aventurero» eta «El arbol de la ciencia» nobelak euskaratzea enkargatu zuen. Geroztik, enkargu hari erantzun egokia eman ahal izateko, buru-belarri aritu dira Koro Navarro eta Josu Zabaleta. Beren lanaren fruituak atzo aurkeztu zituzten, «Zalakain abenturazalea» eta «Jakintzaren arbola», hurrenez hurren. Inazio Mujikaren eta Miguel Sanchez-Ostizen hitzaurre banarekin argitaratu dituzte Alberdaniak eta Elkarrek.
DONOSTIA
Barojak 75 liburu inguru idatzi zituen. Horietatik bi euskaratu behar eta “Zalakain abenturazalea” eta “Jakintzaren arbola” aukeratu dituzte, hots, «elkarren urrutienekoak», Josu Zabaletak atzoko aurkezpen ekitaldian nabarmendu zuenez.“Zalakain abenturazalea” (1909an idatzia) abentura biziko nobela da eta, jatorriz gaztelaniaz dagoen arren, alde guztietatik «euskal usaina» dario. Bigarren karlistaldiaren garaian dago girotuta gehienbat. “Jakintzaren arbola” (1914), berriz, nobela filosofikoa da. Euskal Herritik urrun dago girotu- ta, batez ere Madrilen eta Mantxan. Protagonista berrogei urteren bueltan eta krisialdi pertsonal sakonean sartuta dagoen Andres Hurtado da, Baroja bera, hein handi batean, “El arbol de la ciencia” donostiarraren nobelarik autobiografikoena ere badelako. Hurtadoren begietatik, XIX. mende bukaeran Estatu espainolean zegoen giro intelektualaren erretratu zorrotza egin zuen Barojak. Beraz, oso lan desberdinak dira, baina biak ala biak daude Barojaren esanguratsuenen eta irakurle mota guztientzat egokienen artean. Halaber, biak ala biak dira Barojaren izaera eta estiloaren erakusgarri. “Jakintzaren arbola” Josu Zabaletak euskaratu du, eta “Zalakain abenturazalea”, berriz, Koro Navarrok. Itzultzaileen izenean, Zabaletak berretsi zuen bata eta bestea oso bestelako nobelak direla. “Jakintzaren arbola” Euskal Herritik kanpo girotuta dagoela gogorazi eta horren atzean neurri handi batean «Espainiaren kezka» dagoela ere esan zuen. “Zalakain abenturazalea”, berriz, Barojaren nobelarik euskaldunenetakoa da, «are gehiago, askotan, gaztelaniaren azpian sintaxian-eta, euskara ote dagoen susmoa dugu», esan zuen Josu Zabaletak. Baina nobelen erregistroak oso desberdinak diren arren, «Baroja beti da Baroja», eta itzulpenei ekin aurretik, donostiarraren inguruko oinarrizko lan bat egin beharra zegoen. Lan hori elkarrekin egin dute Navarrok eta Zabaletak. Azken batean, behar bezalako itzulpena egiteko, zenbat eta gehiago sartu egilearen larruan, hainbat hobeto. Horretan gogotik saiatu dira Navarro eta Zabaleta, nahiz eta azken horrek, umorez, zera adierazi zuen atzo: «Barojak txapela jantzi ohi zuen idazteko; nik, berriz, ez». Itzulpenak Alberdaniak eta Elkarrek batean plazaratu dituzte. Argitaratzaileen izenean, Olatz Osak jakinarazi nahi izan zuen Baroja eta bere bi nobela horiek behar bezala ulertzeko «ezinbestekoak» direla Miguel Sanchez-Ostizek eta Inazio Mujikak egin dituzten hitzaurreak. Biak dira Barojaren zale adituak. Horren lekuko dira orain dela gutxi argitaratu dituzten “Pio Baroja a escena” biografia eta “Pio Barojaren Donostia” antologia, hurrenez hurren.
Barojaren euskal begirada Sanchez-Ostizek ez zuen atzo Donostian egoterik izan. Inazio Mujikak, berriz, bai, eta aitorpen zehatza egin zuen: «Barojak euskaltzaletu gintuen; izan ere, bere liburuetan gure herria ez zen ikusezina. Gaztelaniaz idatzita zeuden arren, nobela horietan islatzen ziren ezagutzen genituen kantak, paisaiak eta pertsonaiak».
Mujikak esan zuenez, bere euskaltasunaren muinean Baroja dago, hain barru-barruan sartuta ezen, orain, “Zalakain abenturazalea” irakurri duenean, duda egin duen, ea “Zalacain el aventurero” hura ere ez ote zuen euskaraz irakurri. Baina ez omen da bere «arazo» pertsonala bakarrik. Euskaldunak eta euskal mundua begiratzeko modu berezia zuen Barojak, eta modu hori euskaldu- nongan zeharo txertatuta geratu da. «Hark horrela begiratu izan ez balu, guk ez genuke gaur egun begiratzen dugun bezala begiratuko», esan zuen.Bi liburuok euskaratzeko ekimena Lakuako Gobernuarena izan da. «Idazle bati omen egiteko modurik onena, zalantzarik gabe, bere liburuak zabaltzea eta irakurtzea da. Jaur- laritzak horregatik hartu zuen bi lan hauek euskaraz argitaratzeko erabakia», esan zuen Patxi Baztarrika Hizkuntza Politika sailburuordeak. Halaber, liburuok espresuki Literatura Unibertsala bilduman argitaratzeko erabakia ere hartu zuen. «Horrela, Barojari idazle unibertsalaren maila aitortu nahi izan diogu, munduko eta historiako idazlerik gorenen artean ipiniz», adierazi zuen. Literatura Unibertsala bilduma Lakuako Gobernuaren eta EIZIE itzultzaile elkartearen arteko lankidetzari zor zaio. “Zalakain abenturazalea” eta “Jakintzaren arbola” bilduma horretako 122. eta 123. zenbakiak dira, hurrenez hurren.
|