Euskararen Nazioarteko Egunak Benito Lertxundiren doinua izango du aurten
·Eusko Ikaskuntzak 1948. urtean sortu zuen hitzorduak Nestor Basterretxeak diseinatu logoa du
DONOSTIA
Abenduaren 3an egingo duten Euskararen Nazioarteko Egunerako (ENE) Benito Lertxundik espresuki kanta bat konposatu du. Donostian aurkeztu zituzten atzo abestia eta bideoklipa, eta Lertxundirekin Eusko Ikaskuntzako buru Javier Retegi eta Jose Mª Velez de Mendizabal gerentea ere izan ziren. Bertan gogorarazi zutenaren arabera, ENE Eusko Ikaskuntzaren barruan sortu zen 1948. urtean, eta orduan abenduaren 3a hautatu zuten eguna ospatzeko, ez bakarrik Euskal Herrian, baita jaioterritik gertu edo urrun dauden euskal kolektibitate orotan ere. Retegik esan zuenez, aldian-aldian egiten den hitzorduak badu ezaugarri berezirik: Nestor Basterretxea artistak diseinatu logoa. Baina orain musika bereizgarririk ere erantsi nahi izan diote, eta horregatik jo dute abeslariarengana. «Azken batean mundu guztiko bazterrak zipriztinduko dituen ahots bat izango da, gure ezaugarri bat», esan zuen lehendakariak. Lertxundik berak argitu zuen kanta prestatzeko hiru ideia nagusi hartu zituela aintzat. «Gogoan dut festa egunetan, goizeko orduetan, nola lotatik irteten ginen txistulari banda batekin edo dultzaina-jotzaileekin diana antzeko kalejiran, eta pentsatu nuen sintonia honek ere halako dei bat izan behar zuela», azaldu zuen. Bestetik, euskara «seaskatik» jaso duela, eta halako gauzak «kutunak»izan ohi direla esanez, «amodio kanta bat bezala» hartu du hau, eta «malgua» ei da emaitza. «Testu baten azpitik suge baten moduan ibiliko den zerbait izan behar zuen», argitu zuen. Kanta Eusko Ikaskuntzaren webgunean eskura daiteke.
|