Umeentzat egokitu opera ikuskizuna, euskaraz, Basaurin
·Gaur estreinatuko du Belatrix taldeak «Colas Mago Handia» izeneko proiektua
Belatrix haurrentzako opera konpainiak W.A. Mozarten «Bastian eta Bastiana» opera umeentzat egokitu, eta euskaraz estreinatuko du gaur Basauriko Ibaigane kultur etxean. «Colas Mago Handia» izeneko emanaldia 11.00etan hasiko da, eta 4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.
BASAURI
Belatrix talde lirikoa 2000. urteko udazkenean sortu zuten Andoni Martinez tenoreak, Ana Isabel Salomon sopranoak eta Miguel N’Dong piano-jotzaileak, «talde gazte, profesional eta kalitatezkoa» sortzea erabaki baitzuten.Azken batean, taldeak jakinarazi zuenez, bere helburua haurrei eta haien familiei «itxuraz lirikaren mundu zail eta ulertezina ezagutaraztea da». Horretarako, “patrikako opera” deritzoten produkzio formatua darabil. Laburbilduz, taldekideen esanetan, duen musikagatik edo gaiagatik haurrentzako moduko egokitzapena da, baina formatu txikian. Halako formatuen eraginez, gainera, produkzio kostuak nabarmen merkatu dira, eta hainbat antzerki esparrutara egokitzeko ahalmena ere badu. “Patrikako opera” horietan, piano-jotzaile eta abeslari lirikoekin batera, bi ipuin kontalari (aktoreak) aritzen dira umeen eta abeslarien arteko harremana uztartzen. Argumentuaren harira, ipuin kontalariak istorioko beste bi protagonista dira horrela. Hizkuntzari dagokionez, orain arte egin izan dituen egokitzapenak «zatiak baino ez» direla adierazi zuen Belatrixek. Izan ere, aktoreek haurrei istorioa gaztelaniaz, euskaraz edo katalanez kontatzen zieten arren, abeslariek gaztelaniaz edo partituraren jatorrizko hizkuntzan kantatzen baitzuten orain artean.
«Haurra guztiz barneratu» Bada, hori da gaurko estreinaldiaren berritasun nagusia, proiektu horretan euskara baitarabilte komunikatzeko tresna bakar gisa. Aktoreek eta abeslariek hizkuntza hori soilik erabiliko dute. «Hizkuntzari dagokionez, orain arte egin diren zatikako opera egokitzapenetan haurrek gaia ulertu eta istorioa barneratu dute. Egokitzapen osoa eginez gero, haurra guztiz barneratuko da ikuskizunean», esan zuen Belatrixek.
Lau pertsonaiaz osatutako lan-taldeak mendiko herrixka batean jazotzen diren gertaeren berri emango die gaur Basaurin haurrei. 4 eta 12 urte bitartekoei zuzenduta dago “Colas Mago Handia”, W.A. Mozarten “Bastian eta Bastiana” operaren egokitzapena, eta ordubete iraungo du.
|