BILBO
Harold Pinter-ek (Londres, 1930) 2005eko LiteraturakoNobel saria irabazi zuen. Britainia Handian idazle aski ezaguna da, literatura lanengatik eta publikoki erakutsi dituen jarrerengatik. Herrialde horren eta Amerikako Estatu Batuen kanpo politikaren aurkako azaldu zen ozen, besteren artean. Agerpen publiko horiengatik batzuek miretsi egin dute baina beste batzuek arbuiatu.
Pinter aktore moduan hasi zen antzerkian. Lehen kontaktu horren ostean, lanak sortzeari ekin zion eta zuzendari gisa jarduteari. Hasierako etapan, pertsonen arteko inkomunikazio-arazoak lantzen zituen, batez ere.Azkenaldikoetan, berriz, arazo sozial eta politikoak jaso ditu.
Gurean ez da hain ezaguna izan. Hala ere, bazegoen izenbururik eskuratzerik. Hiru argitaletxearen bitartez iritsi dira Harold Pinter-en irakurgaiak Euskal Herrira.
Orain, JokinZaitegi sariari esker, antzerki-idazlearen antologia bat itzuli dute euskarara. ‘‘Maitalea’’, ‘‘Lehenengo denborak’’, ‘‘Alaska moduko bat’’, ‘‘Festa giroan’’ eta ‘‘Mendiko hizkuntza’’ bildu dituzte Elkarrek argitaratutako liburuan.
IñigoErrasti bilbotarrak bereganatu zuen idazle ingelesaren lanak gure hizkuntzara itzultzeko erronka. Errastik itzultzaile lanak egiten ditu Administrazioan.
Hautatu dituzten bost izenburuek badute euren artean loturarik. Era kronologikoan antolatu dira, eta Pinter-en ebolu- zioa erakusten dute. «‘Mendiko hizkuntza’n gizarte inplikazioa askoz ere handiagoa dela ikus daiteke Iñigo Errastiren esanetan. Oro har, hizkuntza gutxituen zapalkuntzari buruz hitz egiten da». Aurretik jarri duten obrak, ‘‘Festa giroan’’ lanak, burgesiak errepresio garaian hartzen duen jarrera pasiboa salatzen du. «Kasu honetan, Britainia Handiko burgesia kritikatzen du, gobernuak beraren onespenarekin baitarama errepresioa». ‘‘Maitalea’’ eta ‘‘Lehenengo denborak’’ aurreko garai batekoak dira. «Gaiak barnekoagoak ziren orduan», esan zuen itzultzaileak obraren aurkezpenean.
Errastik adierazi zuen gaien aldetik sumatu duen bilakaera ez duela estiloan aurkitu. Batasun bat ikusi du alde horretatik. «Niri arazo gehien trinkotasunak eman dit, eta iradokitako gauzak euskaraz adierazteak», aitortu zuen.