DONOSTIA
«Lan istripu gehienetan gertatzen den bezala, azken lan heriotzan zendutako langileak kasu hauetan errepikatzen diren prekarietate baldintzak betetzen zituen: azpikontratazioa eta behin-behinekotasuna. Hildakoa irailaz geroztik zebilen lanean azpikontrata batentzat».Adierazpen horiek LABeko kide Ibon Zubielak egin zituen atzo Etxebarrin izandako elkarretaratzea dela-eta. Herri horretako udaletxearen aurrean protesta egin zuten LAB, ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek, asteazkenean izandako lan istripua salatzeko. Hain zuzen ere, “Lan istripu gehiagorik ez” lelopean, 75 bat lagun bildu ziren. Asteazkenean, Alejandro Balbuenak bizia galdu zuen, hirugarren solairutik erorita, etxebizitza batean eraikuntza lanetan ari zela.
Lan heriotzak «albiste» ez izaten hasi direla ohartarazi ondoren, Zubielak lan istripu «guztiak» ekidin daitezkeela adierazi zuen. «Horretarako, ez da nahikoa Azkarragak aurkeztutako planekin edota Madrilek sustatutako legeak aplikatzearekin», kritikatu zuen.
Beste alde batetik, bi langile zauritu ziren atzo Mungiako Incasa altzairutegian 5.45 aldera izandako sute baten ondorioz. Suak BI-631 errepide ondoan dagoen enpresaren egoitzetan kalte handiak eragin zituen, Ertzaintzak jakinarazitakoaren arabera.
Segurtasun eza «ezkutatzen»
Prentsa adierazpen batean, CCOOk salatu zuen lan istripuen ondoren segurtasun neurriak egon ez izana «ezkutatzen» dela. Etxebarrin asteazkenean izandako istripuan horixe gertatu zela esan zuen. «Eraikinaren egoera kaskarra istripua gertatu eta inspektorea bertaratu arteko denbora tartean kopondu zuten», esan zuen.
Etxebarriko gertakariak enpresariek segurtasun neurrietan inbertitzeko borondaterik ez dutela argi uzten duela aipatu zuen sindikatuak. «Dena dela, bi kontu daude salatzeko: langileak bere bizitza arriskuan jartzea ez dute nahikoa; era berean, enpresariak istripuetan duen ardura eta utzikeria ezkutatzen saiatzen dira», nabarmendu zuen CCOO sindikatuak prentsa adierazpenean.