GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-11-25
Mikel Irastortza - EHEko kidea
Osakidetza: iruzurra euskarari eta euskaldunoi

Osakidetzak lanpostu berrietarako oposaketak egingo ditu heldu den abenduaren hasieran. 4.000 lanpostutik gora daude jokoan eta horietatik %20 baino gutxiagori eskatuko zaio euskara jakitea. Egoera honen aurrean zer esan eta egin handia dela uste dugu.

Benetan lotsagarria, arduragabea eta onartezina iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzak azterketa hauei begira egin duen planteamendua. Hainbeste urteren ostean, Osakidetzan euskarak bizi duen egoera benetan larria da eta egoera horren arrazoi nagusietako bat urte hauetan guztietan administraziotik erakutsitako arduragabekeria da. Hitz politez eta argudio merkez, Osakidetzan euskararen alde lan handia egin dutela adierazten ari zaizkigu behin eta berriz. Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Gobernu horretako bozeramaileak Osakidetzari euskararen alde egindako lana eskertu beharko geniokeela adierazi zuen orain dela gutxi. Hori da hori azal gogorra!

Zer eskertu behar diogu Eusko Jaurlaritzari? Euskaldunoi hizkuntza eskubideak iraunkorki urratzea agian? Gure haurrekin medikuarengana goazenean itzultzaile lanak egin behar izatea medikuak euskaraz ez dakielako? Osakidetzan langile erdaldun gehiago sartzea bestela? Osakidetzako langileen gehiengoa erdalduna da, Osakidetzan erdara da nagusi eta euskara bigarren mailako hizkuntza da eta euskaldunak osasun zerbitzuak jaso behar dituenean euskaraz jasotzeko oztopo eta ezintasun amaigabeekin egiten du topo. Euskaldunok hizkuntza eskubideak nabarmen urraturik ditugu, eremu erdaldunetan, euskaldunetan, ospi- taleetan, osasun etxeetanŠ Hori eskertu behar al zaio administrazioari? Hauek al dira hainbeste urtetako hizkuntza politikaren emaitza onak? Zalantzarik gabe, indarrean den legedia eta hizkuntza politikarekin euskarari eta euskaldunoi iruzu- rra egiten ari zaizkigu, baina gainera halako esanekin eta justifikazio nahiekin iruzurra trufa bilakatzen da.

Gauzak zuzentzeko lehenik hanka sartzeak onartu behar izaten dira. Dirudienez, Eusko Jaurlaritzak dena ongi egiten du, ez du hanka sartzen. Besteok gara hemen errealistak ez garenak, gehiegi eskatzen dugunak, gauzak beti gaizki egiten ditugunak. Hortaz, euskara normalizatu ez eta euskaldunon eskubideak iraunkorki urratzen dituen administrazio erdalduna da azken bi hamarkadetako emaitza ona, eskertu beharrekoa, akatsik gabekoa eta euskararen aldekoa. Eta okerrak onartzen ez direnean, ez dago zer aldaturik, ez dago neurri berririk hartu beharrik, ez dago zertaz kezkatu. Horra Eusko Jaurlaritzak gure hizkuntzarekin darabilen jarrera orokorra. Mezuan euskararen aldekoena bezala agertzen da, ongi jantzitako egitasmo ponpoxoak aurkezten ditu eta hedabideak erabiltzen ditu guztia positiboa dela azaltzeko. Baina hemen errealitateak bakoitza bere tokian jartzen du eta errealitate gordina euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidearen urraketa sistematikoa eta egoera hau iraul- tzeko dagoen neurri eta borondate falta argia da. Eusko Jaurlaritza da Osakidetzan euskararen egoeraren erantzule eta arduraduna, hots, euskaldunon eskubideen urraketa ahalbidetzeko politika egiten duena, erdara eta erdaldunak babestu eta euskara eta euskaldunak baztertzen dituena.

Egoera hau izanik, esan bezala, 4.000 lanpostu berri egongo dira jokoan datozen asteetan. Zergatik ez lanpostuen %100etan euskara jakitea eskatu? Zergatik euskararen egoera larria gehiago luzatzeko bidean jarraitu? Behin langile berriak sartzen direnean porrotera iritsiko den beste sasi euskara plan bat aurkeztuko al zaigu langile erdaldunak (ez) euskalduntzeko? Hau ez da normala. Euskararekin eta gure eskubideekin honela jokatzea ezin dugu inolaz ere onartu.

Testuinguru honetan Elebide aurkeztu digute, hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzu eraginkor eta fidagarri gisa. Zer egin behar du Elebidek azterketa hauen aurrean? Hizkuntza Eskubideen Behatokiak joandako bost urte hauetan egindako lan garrantzitsua aintzat hartu ez eta bere eraginkortasuna zalantzan jarri ondoren, Elebide izango omen da eskubideen bermerako benetako tresna. Zer mekanismo jarriko dute azterketa horiek egin ez daitezen edo eginez gero lanpostu guztietarako euskararen ezagutza %100 eska dadin? Bat bera ere ez. Azken batean, hizkuntza politika eta borondate berdinaren baitan dago hemen guztia. Elebitasunaren gezurra zabaltzen duen amaraunaren barruan kokatzen da guztia.

Honen aurrean, aski da esateko garaia heldu dela uste dugu. Egun Euskal Herrian indarrean diren errealitate juridikoa, legediak eta hizkuntza politikak agorturik daude. Hauek euskararen normalizazioa lortzeko duten balio eza aski frogaturik geratu da eta egoera hau iraunarazteak euskara eta euskaldunok bazterturik mantentzea besterik ez dakar. Une honetan, inoiz baino gehiago, Euskal Herri euskalduna lortzea xede dugun guztiok beste egoera baten alde borrokatzea ezinbestekoa da. Euskarak marko eta lege berriak behar ditu Euskal Herrian, ofizialtasuna lurralde osoan gauzatuko duena eta euskaldunon hizkuntza eskubideen bermerako urratsa ekarriko duena. Horixe da une honetako erronka nagusia eta hainbeste urte irauten duen eskubideen urraketa amaitzeko bidea. Horretarako, baina, funtsezkoa da egungo lege eta politikek ahalbidetzen dituzten hizkuntza eskubideen urraketak eta iruzurrak irmo salatzea. Beraz, euskaldun guztiei egunerokoan eta esparru guztietan euskara defendatzeko deia egin nahi dizuegu. Datozen azterketa hauen aurrean gure protesta eta haserrea adieraztea oso garrantzitsua da, euskaldunok ezin baitugu halakorik gehiago onartu. Euskal Herri euskaldunaren alde borrokatu behar dugu. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
«Nik ere beldurrik gabe bizitzeko eskubidea daukat»
Iritzia
La condición de «víctima» debe ser sólo un paréntesis
Euskal Herria
La Ertzaintza vuelve a arremeter contra las movilizaciones convocadas por Segi
Euskal Herria
Los obispos citan la «unidad de España» como «bien» a tratar con «criterio moral»
Kultura
Muestran por primera vez imágenes de las pinturas rupestres paleolíticas de Praileaitz
Mundua
Londres y Dublín perseveran en el acuerdo pese al desplante del DUP
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss