Mugarik ez autodeterminazioari
ETAk su-etena iragarri zuen egunean ziztu bizian atera ziren politikari guztiak hedabideen aurrera, aro berri bat zabaltzen zela jakinarazteko. Denek erabili zituzten antzeko hitzak, nor baino nor irribarretsuago, herritargoari ilusio eta grin berezi bat pitzarazi eta jendarteari egoerak eskatzen zuen ardura politikoaz erantzungo ziotela adierazteko. Egun esanguratsu hura izan zenetik zortzi hilabete pasatu direla, herriarengan sortutako ilusio hori kolokan da berriz ere eta gure herrietako kaleek krisi eta blokeoa oihukatzen dute. Arduraz jokatuko zutela zin egin zutenetatik batzuk, gatazka politikoa gainditzera eramango gaituen konponbide demokratikoaren gainetik, alderdi interesak jartzeak eragindako krisi eta blokeoa alegia. Eta kezkatzekoa da, boterearen epeltasunean mugitzen diren PNV eta PSOE horren arduragabetsu jokatzen ikustea.
Euskal Herriaren lurraldetasuna eta erabaki eskubidea jokoan dauden honetan, aipatu bi alderdiak, datorren legegintzaldirako behar dituzten eserlekuetan pentsatzen ari dira, mihi puntan darabilten «prozesua», herriak eskatzen duenetik urrunduz, edukiz hustuz eta ETArentzat irtenbide duin gisan mozorrotuz. Ibarretxek berak esan zuen, gero esandakoa usteltzen uzteko, herriak protagonista izan behar duela, eta guk ere halaxe uste dugu. Herri, auzo, lantegi, ikastetxe eta taberna bakoitzean, autodeterminazioaren aldeko oihuak bildu behar ditugu, guztien artean herri presioa egin eta gure eragingune inmobilistei dagokienez, merezi duten akuilu lana egiteko. Lurraldetasun eta erabaki eskubidearen errespetua, konponbide demokratikoa, autodeterminazioa; denak dira bat, eta ez daukate mugarik. Horrexegatik, inposatutako muga batek erdibitu nahi gaituen Bidasoako eskualdean bizi garenok, autodeterminazioaren aldarriak mugarik ez duela irudikatu eta gatazkaren konponbidearekiko euskal herritarroi zor zaigun protagonismoa berreskuratzeko mobilizaziora deitu dugu Irunen igande arratsalde honetarako. Herriak eskatzen duelako, behar duelako eta merezi duelako, mugarik gabe Euskal Herriak Auto- determinazioa aldarrikatzera gonbidatzen zaituztegu gurekin bat egin nahi duzuen guztioi.
Aitor Kaltzakorta Belaustegi - Ezker abertzaleko kidea
|