- Lau eta Erdiko Txapelketa
Irujok eta Titinek ikuskizuna eskaintzea dute helburu
·Errioxarrak ez du ligaxka garaipenik eskuratu gabe agurtu nahi
DONOSTIA
Irujok eta Titinek gaur emango diote hasiera Lau eta Erdiko finalerdien azken jardunaldiari Iruñean (Labrit, 18.15, Telecinco). Iberokoa jada finalerako sailkatuta dago, eta Triciokoak, aldiz, ez du inolako aukerarik finalean egoteko. Horregatik, ikuskizun polita eskaintzea da bi pilotariei eska diezaiokegun gauza bakarra.
Izan ere, jendeak horixe espero du. Asteazkeneko pilota aukeraketan argi geratu zen Nafarroako zaletuek Irujo eta Titin nor baino nor ikusteko grina badutela jende mordoxka bildu zen hautaketa gertutik jarraitzera, egungo bi aurrelari distiratsuenetakoak baitira. Emaitza ezberdinekin izan arren, biek ere maila bikaina erakutsi dute ligaxkako lehen bi partidetan.
Irujok etxeko lanak bikain egin ditu, eta finalerako txartela bide azkarrenetik lortu du. Abenduaren 10erako denbora dezente gelditzen da oraindik, eta garrantzitsua izango da tarte honetan kontzentrazioari eustea. Gaurkoa proba oso ona izan liteke helburu horretarako.
Titinen nahia zaletuak bere joko ikusgarriarekin txunditzea da, txapelketa oroitzapen onarekin agurtzeko. Ligaxkan sartuz, errioxarrak hurrengo urterako serieburu izatea ziurtatu du, baina neurketa bat bera ere ez irabaztea gogorra litzateke pilotari beteranoarentzat. Beretzat badu garrantzia gaurkoak.
|