«Egoera muturreraino» eraman dutela salatu dute Etxerat-en azken ostiralean
Gobernuek euskal preso politikoen eta senideen egoera «muturreraino eraman» dutela salatu zuten 8.245 lagunek hilabeteko azken ostirala dela-eta Etxerat-ek deitu zituen elkarretaratzeetan. Presoak «xantaia» egiteko erabili nahi dituztela salatu zuten. Hori hala izan ez dadin, pertsona eta eragileen konpromisoa eskatu zuten.
DONOSTIA
«Gure eta gure senideen egoera muturreraino eraman dute, bizi osorako zigorrak ezarrita, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak ez askatuta eta Kolektiboa bakartasunean eta bizi baldintza gogorretan manteduta». Hala salatu zuen Etxerat-ek hilabeteko azken ostirala dela-eta egin zituen elkarretaratzeetan.
Irakurritako agirian, gobernuen helburua «ahalik eta sufrimendu handiena eragitea» eta presoak «xantaia politikoa egiteko» erabiltzea dela nabarmendu zuten. Zertarako? «Gu eta, oro har, Euskal Herri osoa presionatzeko», adierazi zuen Etxerat-ek. «Hil edo biziko» egoera horretan, Iñaki de Juanaren gose-greba mugagabea gogorarazi zuten, baita asteak joan asteak etorri presoak bisitatzeko egin behar dituzten milaka kilometroak ere.
Indarrean mantentzen duten espetxe politika «krudel eta beldurgarria» amaitzeko «errezeta bakarra» pertsona eta eragile guztien konpromisoa indartzea dela plazaratu zuen Etxerat-ek.
«Auzoz auzo, herriz herri, ikastetxez ikastetxe, lantegiz lantegi gure konpromisoak indartu behar ditugu. Horrela lortuko dugu preso eta iheslariak etxeratzea. Era berean, Senide gehiago sorraraziko ez duen amnistia lortu behar dugu, gatazka bera eta bere ondorioak iraganean uzteko», gaineratu zuen. Aldarrikapen horiek bere eginez, 8.245 lagun mobilizatu ziren atzo zazpi herrialdeetan Etxerat-ek emandako datuen arabera.
Gipuzkoan, mobilizazioak ondorengo herrietan egin ziren: Donostia (400), Hernani (250), Arrasate (200), Zarautz (175), Soraluze (120), Lasarte (115), Azpeitia eta Zaldibia (bi horietan 102), Tolosa, Irun, Eibar (azken hiru horietan 100), Azkoitia (95), Urretxu-Zumarraga eta Bergara (92), Lazkao (90), Deba eta Ordizia (75), Ibarra eta Beasain (70), Lezo (68), Oiartzun eta Zestoa (60), Mutriku (55), Villabona eta Eskoriatza (50), Hondarribia eta Elgoibar (45), Orio (41), Antzuola eta Usurbil (40), Zumaia (35), Getaria (32), Zizurkil (30), Urnieta (27), Elgeta (25), Lizartza (23), Legorreta (20), Anoeta (21), Amezketa (20), Mendaro (18), Ikaztegieta (15) eta Ataun (10) Igeldon, ostegunean 18 mobilizatu ziren De Juanaren alde.
Bizkaian, berriz, elkarretaratzeak Bilbon (410), Galdakaon (160), Ondarroan (140), Lekeition eta Algortan (130), Sabin Etxearen aurrean (125), Durangon (100), Sestaon (90), Santurtzin (87), Iurretan (82), Arratian eta Zornotzan (80), Basaurin (70), Gernikan (63), Leioan (54), Otxandion (52), Abadiñon (50), Larrabetzun (47), Ugaon (45), Ermuan eta Amurrion (40), Berangon (36), Abanton (30), Trapagaranen (29), Bermeon, Bakion, Zamudion eta Busturian (25), Zaldibarren (23), Sopelan (20), Usansolon (22), Ortuellan (19), Gatikan eta Mundakan (17), Berrizen eta Bilboko Altamira auzoan (15), Muskizen (13), Sondikan (11) eta Lemoizen (8) egin zituzten.
Nafarroan elkarretaratzeak herri hauetan izan ziren: Iruñea (485), Etxarri Aranatz (65), Altsasu (60), Goizueta (55), Arbizu (53), Lizarra (49), Gares eta Elizondo (45), Lesaka (29), Olatzagutia (27), Irurtzun (25), Bera (24), Barañain (23), Zizur Nagusia eta Uharte (20) eta Noain (19). Arabari dagokionez, Gasteizen (574), Laudion (65), Urduñan (26) eta Murgian eta Aramaion (20) egin zituzten.
Baionan, berriz, 50 lagun elkarretaratu ziren, Donibane Lohizunen 35, Uztaritzen 20; eta Azkainen eta Senperen 10 pertsona elkartu ziren.
Langraizen, bisitarik gabe, eta Aranjuezen, itxialdia
Askatasunak aditzera eman zuenez, Langraizeko espetxean presoen hatz markak dijitalizatu nahi dituzte. Euskal presoek neurri horri uko egin diotenez, asteburuan bisitarik gabe utziko dituztela esan diete. Aranjuezen, bertan dauden preso politikoek bi eguneko itxialdia egin dute Iñaki Peña bakartuta zegoela salatzeko. Espetxeko zuzendaritzarekin akordio bat hartu ondoren, protesta utzi eta Peña bakartzetik atera dute. Era berean, bizi osoko zigorra eta De Juanaren egoeraren kontra astelehen eta astearteetan baraua egiten dute. -
|