BAIONA
Hego haizea zela-eta Jean-Louis Borlook atzoko bisita ofiziala atzeratu behar izan zuen, eta ANRU egitasmoari esker eraberritu behar dituzten Baionako auzoetara Etxebizitza ministroak egin behar zuen bisita bertan behera utzi zuten. Hala ere, hauteskunde aitzineko garai honetan Baionara ekarri zuten bi hitzarmenak sinatu zituen Borloo ministroak hiriko herriko etxean.Jean Grenet Baionako auzapezak argi adierazi zuen atzo ANRU egitasmoa sinatzea zela Borloo ministroaren bisitaren gauzarik garrantzitsuena. Izan ere Baionako Gurutze Saindua, Caradoc eta Habas auzoak eraberritzeko egitasmoa CABABk, Baionako Herriko Etxeak, Akitaniak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta HLM etxebizitza sozialen elkarteek diruz lagunduko badute ere, ANRU egitasmoaren finantzaketarik ezean ezinezkoa izango litzateke.
Jean-Louis Borloo ministroak ANRUren diru-laguntzak jasotzeko Baionako hiriak egin duen lana goraipatu zuen. Bai eta eraberritze lanak egin ondoren maila ezberdinetako jendea elkartuko duen egitasmoak auzoen eguneroko bizitzan ekarriko duen aldaketa. Egitasmoak 75 milioi euro eskatzen ditu, eta lehen fasean ia 30 milioi emango dituzte.
Etxibizitza sozialen eraikuntzari dagokionez, berriz, Ipar Euskal Herriari buruz Borloo ministroak nabarmendu zuen azkeneko urteetan etxebizitza sozialen eraikuntzan garapena izan dela. Izan ere, aspalditik Estatu frantsesak ezarritako kopuruak ez baititu betetzen Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan
Sozialisten boikota
Alderdi Sozialistako kideek atzo Borloo ministroak egin zuen bisita boikotatu zuten. Annie Jarraud Vergnolle senatari sozialistaren ustez, Jean-Louis Borlooren bisita «hauteskunde helburuekin» egindako bidaia da. Talde sozialistak esan zuen Baionako zona garaiko auzoak eraberritzea beharrezkoa dela, baina 75 milioiko aurrekontuak harritzen ditu. Dirutza hori behar den tokietan ezartzea hobe izango litzatekeela adierazi zuten PSko kideek.Aldi berean, Caradoc auzoko eraikinak suntsituta ANRU 2 programaren diru-laguntzak eskuratu nahi dituztela esan zuten. Eta ospitalera bidea erraztea aitzakia hutsa besterik ez dela aditzera eman zuten alderdi sozialistako kideek.
Etxebizitza sozialetarako Borloo ministroak egindako planak ezartzen du 2005 eta 2009 artean Ipar Euskal Herrian 2.000 etxebizitza sozial egin behar direla. Alderdi Sozialistako kideek adierazi zuten kontuak ez direla ateratzen: «2006ko ekainean 651 etxebizitza bakarrik zeuden programatuak, eta horietarik ia %40 gama altukoak dira», nabarmendu zuten sozialistek.
Caradoc-eko biztanleen ordezkaritza bat Baionako auzapez Jean Grenetekin elkartu zen ostegunean. Bilkuraren ondoren, Caradoc-eko biztanleek adierazi zuten Herriko Etxeak etxebizitza bat izango dutela ziurtatu diela. Suntsitu behar dituzten etxebizitza sozialetan bizi diren familia guztien kasuak banaka aztertuko dituztela hitz eman omen zien Jean Grenet auzapezak.