Hezkuntzarako elkartze sistemaren alde egin dute
Kataluniako eta Galiziako ereduei jarraiki, Donostiako Miramar Jauregian egiten ari diren jardunaldietan «elkartze sistema» delakoaren alde egin zuten atzo. Gaur egun Euskal Herrian indarrean dagoena legeak babesten duela onartu arren, euskararen ofizialtasun estatusa ez duela errespetatzen jakinarazi zuten.
DONOSTIA
Aurrera jarraitu zuten, atzo, ostegunean Donostian «Ikasle guztiak euskaldundu: nola?» izenburupean hasitako jardunaldiek. Kontseiluko Aholku Talde Juridikoko kide Urko Aiartzak hartu zuen hitza lehenik, eta horrek hezkuntza sistemaren egoerari buruzko hausnarketa bideratu zuen, betiere alderdi juridikoari jarraiki.
Bi eredu aukeran
Horrek adierazi zuenez, gaur egun indarrean dugun hezkuntza sistema legeak eskaintzen dituen bi aukeretako bat da. Izan ere, konstituzio espainolak ezarritako jarraibideetatik bi aukera garatu dira: «banaketa-sistema edo ereduen sistema» hezkuntzarako hizkuntza aukeratzeko eskubidean oinarritzen da, eta «elkartze-sistema edo eredu bakarraren sistema». Azken horrek derrigorrezko hezkuntzaren amaieran ikasle guztiek Estatu espainoleko hizkuntza ofiziala eta lurraldekoa bertakoa erraztasunez hitz egitea bermatzen du (hori da Katalunian eta Galizian hautatutakoa).Behin hori azaldutakoan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen egoera konplexuari buruz hitz egiten hasi zen. Izan ere, alde horretatik, eredu-sistema legezkoa baita, baina, bestetik, ez; ez baitu bermatzen legeak aitortzen duena. Hau da, ikasle orok bi hizkuntzak jakitea gaztelania eta lurraldekoa bertakoa; kasu honetan, euskara. Eta hori egiaztatzen duten hainbat azterketa dagoela gogorarazi zuen jarraian. Bestalde, euskararen egoera aipatu zuen, eta honakoa baieztatu: «Hizkuntza ez normalizatuen kasuan, hezkuntza sistemak helburu transformatzailea izan behar du, eta, neurri berean, hizkuntza ezberdintasunen orekatzaile». Horrela bada, elkartze sistemaren alde egin zuen Aiartzak, eta honako hau adierazi zuen: «Ereduen sistema bera ez zaio euskararen ofizialtasunari egokitzen, ezta hizkuntza-integrazio printzipioari ere». Horrek, gainera, arrisku bat baduela aitortu zuen azkenik: «Ezin gerta daiteke hezkuntza sistemaren eraginez bi hizkuntza-komunitate identifikatzea, euskalduna eta euskararik ez dakiena, eta bien artean hizkuntza-hesi bat ezarri». Horiek hala, hezkuntza sistema «integratzailea, nabarmenagoa eta eraginkorragoa» bihurtu behar dela aldarrikatu zuen, eta hori «banaketa sistema gaindituta» lor daitekeela jakinarazi.
Euskaldun kulturaniztun eta eleaniztunak heztea xede
DONOSTIA Urko Aiartzaren atzetik, eskolako irakasleen txanda etorri zen, eta horiek hurbiletik ezagutzen duten egoeraren azterketa egin zuten. Kalen Astizek eta Julen Etxeberriak aurkeztu zuten, eta horiek ere hezkuntza politika berri bat eskatu zuten. Gainera, tartean eman beharreko pausoak zehaztu zituzten: derrigorrezko hezkuntzak euskara erraztasunez erabiltzea berma dezala, euskarari irakaskuntzan lehentasunezko estatusa aitortzea bere egoera diglosikoa dela-eta, hezkuntza sistemara sartu behar duten langile guztiek euskara jakitea, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntz normalizazio plana garatu eta ebaluatzea, zentro bakoitzeko hezkuntza proiektuan euskarazko murgiltze osoa zehaztea, haur eskolak indartzea euskararen normalizazioan duten garrantzia dela-eta, unibertsitatea eta lanbide heziketa guztiz euskalduntzea, hizkuntza eta kultura batera doazela onartzea, euskal curriculumerantz bideratutako materiala sortzea, hezkuntza proiektu oro «inguru hurbilarekin harreman zuzenean» garatzea, hezkuntza zentroen arteko elkarlana bultzatzea eta erreforma horrek guztiak behar duen aurrekontua zehaztea. Helburua, beren esanetan, euskaldun «eleaniztun» eta «kulturaniztunak» heztea da.
|