AmameiGreba deialdia Hezkuntzan: 21ean Gipuzkoan, 23an Araban eta 30ean Bizkaian. Ez goaz, mementoz, irakasleen eta ikastetxeetan lan egiten duten langileen aldarrikapenak azaltzera oso interesgarriak diren arren, baizik eta grebak utzitako argazkia. Umeak eskolara joan ez eta norekin geratu dira egun horietan? Asko eta asko aitona-amonekin eta, batik bat, amonarekin.
Izan ere, gaur egun familia edukitzeko pausoa ematen duten gazte askok ezingo lukete berau aurrera eraman beraien gurasoen laguntzagatik ez balitz. Hots, ume horien aitona-amonengatik ez balitz. Batzuetan laguntza puntuala izaten dena eta beste batzuetan lanaldi osoa bilakatzen dena, azken urteotan gizarteak izan dituen aldaketetan oinarritu behar da.
Alde batetik, gizakion biziraupena gero eta luzeagoa da. Horrek nahitaez dakar inguruan zahar gehiago edukitzea, euren gorputza eta burua indartsu eta egoera onean denbora luzeagoan mantentzea eta egunerokotasunak dauzkan gauzei aurre egiten jarraitu ahal izatea, askotan inolako dependentziarik gabe. Horretaz gain, gizonen kasuan, erretirodunak diren heinean, denbora libre asko daukate. Bukatu zitzaien lan egiteko garaia, nahikoa esfortzu egin zuten urteetan familia eta etxea aurrera ateratzeko, eta orain zahartzaroa daukate zaletasunez gozatzeko, lasaitasunean emateko egunak.
Bestelakoa da, ordea, emakumeen kasua. Gure amonek ez zuten etxetik kanpoko lanik izan, oro har. Euren bizitza familia izan zen, euren eguneroko lana umeak eduki, ume horiek hazi, hezi, etxea mantendu, janariak prestatu, etxeko ekonomia eraman, luzarazi. Gizona zaintzeaz eta gustura edukitzeaz ahaztu barik, jakina. Euren rol nagusia zaindariarena izan da, familia zaindariarena. Horrek, antza denez, ez du erretirorik ezagutzen.
Eta gero eta gutxiago. Izan ere, beste alde batetik, lan munduan izan eta izaten ari den emakumeen gizarteratzeak, edo horretarako nahiak eta itxaropenak, ezinbestekoa egiten baitu familia egituraren transformazioa. Ama ez da dagoeneko beti etxean presente dagoen figura, lanaldiak dirauen bitartean etxea hutsik geratzen da eta umeak zainduko dituen pertsona baten beharra hasten da. Txikiarekin denbora emango duena bere heziketan parte hartuz, denbora horretan gure seme edo alabaren bizitza eta segurtasuna bere eskuetan izango dituena. Ez da erraza konfiantzazko norbait aurkitzea, gure lasaitasuna bermatuko duena. Ez da erraza horrek dakarren gastuari aurre egitea ere. Zuzenean esanda, gehienontzat ezinezkoa da.
Halako atakan guraso gazteak, euren gurasoei hasten zaizkie laguntza eske. Arratsalde batean umea eskolatik jasotzeko, gau batez euren etxera erama- teko, gaixo jarri dela eta egun osoz zaintzekoŠ Eta aitona edo amona gustura umearekin egon ahal izatearekin. Beraien bizitzako pasarteak kontatuz, umearen berba barregarriez eta irtenaldi bitxiez gozatuz, bi- garren belaunaldiarekin sortzen den harreman zoragarria biziz.
Baina gero eta gehiago jotzen da laguntza horretara. Zaindari bat behar izaten jarraitzen da, eta egun figura hori amonek jarraitzen dute errepresentatzen. Beraien familia propioarekin egin zutena euren seme edo alabenarekin egiten segitu behar dute. Erretirorik gabe. Ordainsaririk gabe. Euren buruarentzat duten denbora murriztu behar izaten dute edo biloben bizi erritmora moldatu behar izaten dute. Euren zahartzaroko independentziari uko eginez. Euren baitan baitute familia zaintzeko betebeharra, seme-alaben deiari muzin eginez gero, kulpa sentimendu bortitza nabari dute. Eta horretaz baliatzen gara, bai, beste aukerarik ematen ez diegun mementotik.
Une horretatik aurrera sor daiteke «amama esklaboaren sindromea». Eguna lehertuta amaitzen duten amonak, psikikoki eta fisikoki gaixotzen direnak, harreman sozialak eta zaletasun propioak garatzeko aukera galtzen dutenak, seme-alabekin liskarrak ekiditearren antsietatea izaten dutenakŠ Ez baita gauza bera, inoiz, erabaki propio eta aske baten ondorioz jokatzea ala inposaturiko baldintzetan bizitzea.
Eta hemen daukagu, hain zuzen, gakoa. Gustatuko litzaidake jakitea beren ondorengo familiei oinarrizko laguntza ematen dietenen artean zenbat amonak aukeratu duten lan hori hartzen jarraitzea inolako presiorik sentitu barik, familiarekin hitzartuta. Eta batik bat, jakin nahiko nuke zenbat guraso gazte den kontziente bere amaren aintzatespenik gabeko «esplotazioaz». -
jegia@gara.net