GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-11-27
EHNAren saltoki gidak, euskal naziotasuna egunerokoan kaleratzeko bide
Udalbiltzak 2001. urtean EHNA bideratzeari ekin zionetik denbora ez da alferrik igaro, naziotasuna aldarrikatzetik praktikara igaro baitira euskal herritarrak. EHNA erabilera sustatzeko, saltokiak izan ditu lehen jomuga Bai Euskal Herriari herri ekimenak, eta sei saltoki gida kaleratu ditu.

Euskal Herriaren izena eta izana munduan agertzeko tresna da Euskal Herriko Naziotasun Aitorpena (EHNA). 2001. urtearen amaieran Udalbiltza Euskal Herriko instituzio nazionalak EHNA bideratzeari ekin zionetik, 50.000 euskal herritarrek baino gehiagok eskuratu dute aipatutako aitorpena. Tresna horren jabe izateak bere horretan etorkizuna bermatzen ez duela deritzo Bai Euskal Herriari herri ekimenak, eta hori dela-eta, EHNA poltsikotik ateratzeko eta hura erabiltzeko ohitura sortu eta sustatzearren, EHNA baliatzeko saltokien gidak kaleratzeari ekin dio.

Lehenak 2005eko ekainean ikusi zuen argia. Bertan, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako saltokiak bildu zituzten. Urretxuk eta Zumarragak lekukoa hartu eta joan den otsailean kaleratu zuten haien saltoki gida. Ondoren, Arrasateko, Lea-Artibaiko eta Ordiziako saltokien gidak iritsi ziren. Azkena, berriz, Bergarakoa izan da. Joan den azaroaren 18an aurkeztu zuten gida, eta hamarnaka alderdi po- litiko, sindikatu eta eragile sozialen babesa izan zuen.

EHNA onartu eta errespetatzen duten guneen bilduma dira saltokien gida horiek. Bertan, hamarnaka arropa denda, ile apaindegi, optika, gozotegi, jantoki edota tatuaje eta piercing denda aurki daiteke. Adibide bat jartzearren, Lekeition bakarrik, ehunetik gora saltokik onartzen dute EHNA erabiltzea, baina datu horiek ez dira harritzekoak EHNA duten biztanleak aintzat hartuz gero: Lekeitiok dituen 7.293 biztanleetatik 881 dira EHNA aitorpena- ren jabe; hau da, biztanleen %18,08, hain zuzen ere.

Gida egitea ez da lan samurra izan, eta horren adibide Arrasateko saltokien gidak izandako ibilbidea da. Arrasateko Bai Euskal Herriari ekimeneko Maialen Zabaletak azaldutakoaren arabera, lehenik eta behin, herriko eta eskualdeko eragileekin saltokien gidaren egitasmoa aurkeztu zuten, eta haien atxikimendua eskuratzen ahalegindu ziren. Behin hogeitik gora atxikimendu bilduta, herriko saltokien zerrenda egin eta banan-banan denda guztietara jo zuten egitasmoaren berri emateko eta haien oniritzia lortzeko asmoz. EHNA onartzeko prest dauden saltokien baimena eta babesa lortuta, Arrasateko saltokien gida argitaratu zuten.

Ondoren, EHNA onartzen dutela jakinarazteko xedez, «Hemen EHNA» dioten eranskailuak banatu zituzten baiezkoa eman zuten saltoki guztietan, eta herrian aurkezpena egin ostean, milaka gida zabaldu zituzten Arrasaten barrena.

Zabaletak azaldutakoaren arabera, milaka gida banatu zuten etxez etxe, eta gaur egun, ehunetik gora saltokik dute «Hemen EHNA» dioen karteltxoa eskegita.

Bai Euskal Herriari herri ekimenak kaleratu dituen saltokien gida horietan, EHNA onartzen duten denda zerrenda agertzeaz gain, EHNA bera non eta noiz bidera daitekeen zehazten da, bai eta herrian eta eskualdean Euskal Herriko Naziotasun Aitorpenari babesa ematen dioten pertsona ezagun, alderdi, sindikatu eta eragileen zerrenda ere.

Herri ekimeneko kideek behin baino gehiagotan nabarmendu dutenez, EHNA ez da alderdien arteko lehia politikoan harantz eta honantz erabiltzeko tresna. Horren lekuko da orain artean argitaratutako saltokien gidek izan duten babes zabala. Arrasateko Andaluziako kultura elkartea, ELA sindikatua, Gipuzkoako EHNE, Bergarako eta Arrasateko CCOO, Besaide mendi elkartea edota Goierriko Ezker Batua zerrenda luze baten adibideak besterik ez dira.

Ezker Batuan EHNArekiko iritzi korronte ezberdinak daude. Alderdian jarrera bateratuak ez dauden arren, Goierriko EBk argi du naziotasun eskubidea babestu beharreko eskubidea dela eta hori dela-eta, babes osoa eman dio Ordiziako saltokien gidari. EHNA ukatzearen azpian jarrera xenofoboak daudela deritzote EBkoek, eta haiek guztiak desagerrarazteko, EHNA erabiltzea sustatzea positibotzat jo du Goierriko Ezker Batuko arduradun Iñaki Saldañak. Iritzi antzekoa erakutsi du Arrasateko CCOO sindikatuko Julian Feok, eta hori dela-eta Arrasateko saltokien gidari atxikimendua berresteaz gainera, bide horretan aurrera egin beharra nabarmendu du. Deba eskualdeko ELA sindikatuko arduradun Egoitz Iturbek, EHNA aitorpenaren atzean, Euskal Herrian sinesten duen jendea dagoela pentsatzen du, eta saltokien gida gisako ekimenek euskal nortasunaren bultzada soziala eragiten dutela nabarmendu du Iturbek.

Alderdi, eragile edota sindikatuen jarreraz eta pentsakeraz gaindi, naziotasun aldarrikapenarekin bat egin dute saltokien giden egitasmoan, eta horretan datza EHNAren bertutea. Bai Euskal Herriari herri ekimenaren iritziz, «herri gisa, nazio bat osatzen duten eskubide osoko gizon eta emakume gisa, bat eginik egin beharreko pausoa» da naziotasunaren aldarrikapena eta praktika bera. EHNA egitea ez baita naziotasun eskubidearen aldarrikapen hutsa egitea, horretaz harago, «naziotasuna praktikan gauzatzea» dela uste baitu herri ekimenak.

Saltokietatik harago

Ugariak izan dira, EHNA onartzearen alde abiatutako borrokak, eta ugariak ere ereindako hazitik jasotako uztak. Irungo Alcampok, Donostiako eta Gasteizko Mediamarket-ek, LeroyMerlinek edota EHUko Errektoretzak ukazioaren bidea alboratu dute, eta EHNA eskuetan izan duten ehunka herritarri euskal naziotasuna aitortu behar izan diete.

Saltokietatik hasi den bideak etorkizunean ere urratsak egingo ditu; izan ere, zerbitzuen alorra izango du hurrengo jomuga Bai Euskal Herriari herri ekimenak. Harpidetzak, bazkidetzak, aseguruak, ikastetxean egin beharreko izen-emateak, udal jarduerak eta bestetan EHNA erabili ahal izateko konpromisoak biltzeari ekingo baitio herri ekimenak datozen hilabeteetan.

Etorkizunean, nor garen aditzera emateko eskatzen duten bakoitzean, EHNA eskuan dugula erantzuteko konpromisoa da Bai Euskal Herriari ekimenak gizarteari eskatzen diona. Herri ekimeneko kideen ustez, «era horretan soilik lortuko baita Euskal Herri osoan, eskubide osoko euskal herritar gisa bizitzea». -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Sanz cambia de estrategia y ofrece un pacto al PSN
Jendartea
La revisión de las normas subsidiarias de Bastida, a examen
Euskal Herria
EHNAren saltoki gidak, euskal naziotasuna egunerokoan kaleratzeko bide
Kirolak
El Athletic del «casi» y las mil caras
Kirolak
Soldado prorroga la etapa Ziganda
Mundua
La represión policial se cobra otras seis vidas en la revuelta de Oaxaca
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss