Odolarekin edota tripa barruekin mendebaldarron etxeko moketa zikintzen ez diguten bitartean ez dagoela arazorik erabaki beharko dugu, ikusitakoa ikusi ondoren.
Alexander Litvinenko sobietar-errusiar espioi ohia (kakofoniaz ez ezik zentzutasunez: zilegi ote da «espioi» hitzaren ondoren «ohi» idaztea?) Josafaterako bidean ipini du norbaitek, hari nolabait zerbait eman ondoren. Ez da oso argia kontua, bistan denez. Hiltzailearen nondik norakoa berehala antzeman duten batzuk biziro asaldatu dira Alexander Valterovitx zenaren lankide ohia eta egun Errusiako autokrata ahalguztiduna dugun Vladimir Vladimirovitxen aurka. Zenduarekin azaroaren 1ean kafetxo susmagarria hartu zuen ezezagunak bere burua Vladimir bezala aurkeztu zuelako, agian? Kasualitatea ote da?
Putinek bere aurkariak edonon eta edonola hiltzeko duen zaletasunaz ohartzeko berandu samar da, horratio. Ezaguna izan beharko luke adibidez: 2004ko otsailaren 13an bonba batek hil zuen Zelimkhan Jandarbiev, 1996-7an Ixkeriako lehendakari izana Qatarreko Dohan. Atentatuan, haren bizkartzainetako bi ere hil ziren, eta oso larri zaurituta geratu zen hamabi urteko semea. Astebete geroago, Qatarreko Poliziak hiru errusiar atxilotu zituen, haien pasaporte eta eskumen diplomatikoari men egin gabe, eta bost hilabete geroago bizitza osorako kartzela zigorra ezarri zieten bertako epaitegiak, haiek salatzen zituzten torturak aintzakotzat hartu gabe. Errusiako agintarien esanetara egin zutela hilketa berresten zuen epaiak. Urte bereko azken egunetan, haatik, kondenatuak Errusiara bidali zituzten, zigorra han bete zezaten; hilabete geroago, ez zeuden Errusiako presondegietan.
Mendebaldeko hedabide bakanetan baino ez zen gertaera haren jarraipenik egin, eta ez dut gogoratzen haren aurkako editorial edo iritzi artikulu bakarra ere. Jandarbiev «muturreko islamista» bat zen, eta esango nuke haren hilketa publikoki txalotzeko gutxi falta izan zitzaiela batzuei. Orain Litvinenkorenarekin asaldatu direnetako batzuei.
Oso-oso hurbilekoak dira haatik bi hilketak. Litvinenko (eta haren aurretik A. Politkovskaia; edo N. Khokhlov) ikertzen ari zena horixe baitzen: Txetxeniako gerra zikina. 1999ko udazkenean Moskun jazotako atentatu eraba- kigarri haien benetako aitatasuna argitzetik hasiz.
Baina guri moketaren garbitasunak axola digu. -