BAIONA
Ia 100.000 pertsona erakarri zituen iaz Baionako erdigunean kokatzen diren artisautza salmahaiek. Gabonetako opariak egiteko parada ezin hobea eskaintzen duen artisauen merkatua hirugarren urtez antolatuko dute Lapurdiko hiriburuan abenduaren 1etik 31ra. Euskal Herriko Gabonetako herrixka bakarra astelehenetik igandera izanen da irekia. Gabonetako kontsumismo garaiarekin bat egiteko, hiriaren erdialdeko dendak abenduko hiru igandetan ere irekiak izanen dira, hau da, abenduaren 10ean, 17an eta 24an. Aparkaleku berezia ere ezarri du garai horretarako Herriko Etxeak.Biarrizko Dendarien Elkarteak ere «asteburu sorginduak» eskainiko ditu urteko azken hilabetean. Abenduaren 8tik 24ra, dendak dauden auzoetan Gabonetako giroaz gozatzeko aukera izango da astebururo. Musikak eta kantuek giroa berotuko dute eta Aita Noelek haurrei opariak banatuko dizkie. 10 eta 25 euroko bono-oparietan ia 200.000 euro banatuko dituzte hiriko dendetan, oso baliagarriak izanen direnak.
Euskal kultura ere presente izanen da Biarrizko merkatuan abenduaren 23tik 31ra, egunero trikitilariak, euskal dantzariak eta kantariak izanen baitira. Bestalde, zozketa handi bat ere antolatuko dute eta, besteak beste, Mediterraneoan zehar itsasontziz bidaia bat irabazteko aukera izanen da.
Erosketez gain, haur zein helduentzako ikuskizun ezberdin anitz proposatzen dituzte Lapurdiko bi hiri nagusiek. Baionan haurrek 1.000 metro koadroko Animaparkean jostatze- ko aukera izanen dute abenduaren 1etik urtarrilaren 7a arte. 18 hilabete eta 18 urte arteko gaztetxoek Baiona Ttipian gaztelu puzgarrietan jolastu ahal izango dute. Baiona Ttipiko eremu berean zaldi txikietan itzuliak emateko parada ere eskainiko die Herriko Etxeak.
Helduentzat ere izanen dira ikusgarriak. Uztaritzeko
Lapurtarrak elkarteak San Andres elizan “Euskal Gabonak, munduko Gabonak”
kontzertua emango du abenduaren 29an arratseko zortzi eta erdietan. Eta eliza
berean Iruñeko Belenitas elkartearekin batera egindako jaiotza ere izanen da
ikusgai.
«Biarritz argiz jantziko da»
Argien jaialdia eskainiko du Lapurdiko kostaldeko hiriak. Eraberritze lanak bukatu berri dituen hiriak itsasoarekin duen erlazio pribilegiatua nabarmentzeko argiztapen bereziak eginen dituzte. Erdialdeko eraikin ederren gainean imajina erraldoiak islatu eta argi bereziak ere ezarriko dituzte.Argi ikuskizunak eta instalazioak egingo dituzte abenduaren bukaeran. 21ean hondartza handiaren gainean ikusgarri pirotekniko bat izanen da. La Salamandre konpainiak abenduaren 22an eta 23an argiz egindako mundu miresgarriak aurkeztuko ditu Rocailles lorategian. 28, 29 eta 30ean iratxoz beteriko argien labirintoa aurkeztuko dute musikaz inguratutako munduan.