Kalean daNora Arbelbide kazetariaren «Goizeko zazpiak» lehen eleberria
Lineria herri asmatuan kokatua, «Goizeko zazpiak» liburuak neska kazetari gazte bat Super Zazpi izeneko musika taldearen bahiketari buruz egiten ari den ikerketa aipatzen du. Nora Arbelbideren lehen eleberria da, eta bere esanetan, istorio horren bidez kazetaritzaren munduari eta euskal kulturari buruzko gogoetak plazaratu nahi izan ditu.
BAIONA
Nora Arbelbide Berrian dabil gaur egun kazetari. Hala ere, kazetaritzaren estilotik beste zerbait ezagutu eta «askatasun» gehiagorekin idatzi nahian, “Goizeko zazpiak” izenburua daukan eleberria idatzi eta kaleratu berri du Elkar argitaletxearekin.«Liburua idazten hasi nintzelarik, Berrian lanaldi erdiz ari nintzen lanean eta banituen gauzak errateko. Liburua idatzi dut buruari desafio egiteko», argitu zuen idazleak. “Goizeko zazpiak” idazteko orduan Nora Arbelbidek egungo gizartearen erreferentziak hartu zituela argitu zuen. “Gran hermano” telebistako emankizuna, garaian izandako kazetari baten bahiketa eta Interneteko kultura elkartuz liburua mamitzea lortu du urtebeteko lanaren ondoren. Baina, oinarri horien gainetik, Arbelbidek bi gai nagusi jorratu nahi izan ditu liburuan: batetik, kazetaritza zer den eta informazioa nola kudeatzen den, eta bestetik, egungo kultura globalizatuan euskaldun bezala zer ekartzen ahal den. «Hori aipatu nahi izan dut nire erara, umorearekin», argitu zuen. Liburuaren edukia bi hitzez azaldu zuen idazleak. “Goizeko Zazpiak”, izan ere, Lineria izeneko herri asmatu batean iragaten da eta, bertan, Super Zazpi izeneko musika taldea bahi- tzen dute. Hala, behin-behinekotasunean lan egiten duen eta kazetaria izan nahi duen neska gazte batek bahiketa ikertzea erabakitzen du. Liburuan Euskal Herriko erreferentzia anitz izan arren, Arbelbidek herri asmatu batean kokatzea nahiago izan du: «Ez dut nik euskalki jakin bat, nahasia dut eta beraz, errazagoa zitzaidan herri bat asmatzea», azaldu zuen.
Idazteko gogoa eman Liburua Gazteluma izeneko sailaren bidez Elkar argitaletxeak antolatzen duen lehiaketari esker argitaratu da. Idazleak esan zuenez, liburua idazterakoan plazer handia hartu du, eta ildo horretatik, beste gazte batzuei idazteko gogoa piztea espero zuela nabarmendu zuen.
|