GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > PILOTA 2006-11-27
- Lau eta Erdiko Txapelketa
Abel Barriola finalean da katedraren usteak erabat ustel bilakatuta
·Nahiz eta adore handia erakutsi, Olaizolak ezin izan dio piloteoan Leitzakoari eutsi

BARRIOLA 22

OLAIZOLA II 20

DONOSTIA

Abel Barriolak jokatuko du Lau eta Erdiko final nagusia datorren abenduaren 10ean Juan Martinez de Irujoren aurka. Leitzakoak 22 eta 20 menderatu zuen Aimar Olaizola finalerdietako azken partida erabakigarrian eta 2001eko txapeldunak final bat jokatuko du bi urteren ostean. Labriteko kolpearen ostean, Barriolaren garaipenak apostularien astebururik beltzena biribildu du.

Dirua bikoiztuta irten zen Olaizolaren alde, baina berehala ikusi zen kantxan ez zegoela horrelako alderik. Joko klasiko-klasikoa eginez, piloteoan botera jarriz, lehen tantoak aurkariari neurria hartzeko erabili zituzten biek. Barriolak aurrea hartu zuen dejada eder bati eta Aimarren akats bati esker (2-0), baina Goizuetakoak sakea berreskuratu ahala min handia egin zion Abeli. Hortxe lortu zuen Olaizolak partidako bere abantaila bakarra (3-5).

Aurrelaria balitz bezala

Piloteoan, ordea, Aimarrek ez zuen batere minik egiten bere kolpearekin eta Barriola apurka-apurka agintzen hasi zen. Gainera, aurrelari finenaren batere inbidiarik gabe, tantoa amaitzen maisua dela ere erakutsi zuen beste behin. Pilota txokoan bikain utzita 4-5ekoa lortu zuen eta bi-paretarekin 5-5ekoa. Sakearekin hiru tanto segidan sartu zizkion Aimarri eta susperraldia ezker gantxo ikusgarri batekin biribildu zuen. Konturatzerako, Barriola 10 eta 5 irabazten jarri zen eta, lehen aldiz, dirua parean.

Baina Olaizolak badaki egoera zailei aurre egiten eta sakez egindako bi tantori esker aldeak murriztu zituen (11-9). Irudipena baino ez zen izan, Barriolak piloteoan agintzen jarraitzen zuelako eta neurketako bi tanto ederrenak zirela medio ­sekulako ezker gantxoa (11-8) eta txokoan dejada bikaina (12-9)­ berriz ere 5 tantoko zuloa ireki zuelako: 14-9. Aimarren unerik gogorrenak izan ziren horiek ­saketik falta bat ere egin zuen­ eta norgehiagoka aldapan gora jarri zitzaion: 18-13.

Gainera zetorkiona ikusita, Olaizola II.ak aurrera egin zuen eta sakea atera bezain laster errematera joaten hasi zen. Horrela, Barriola kantxan askoz gehiago mugitzera behartu zuen eta Leitzakoaren akatsak behartu zituen. Sakez beste bi lortzeaz gain ­guztira 5 egin zituen, Barriolak bezalaxe­, ezker gantxoarekin egin zuen tanto bakarra orduan lortu eta partida berdindu zuen (18-18).

Amaiera urduria

Azken tantoetan beldurra nagusitu zen bi pilotarien artean eta hutsik ez egitea bilakatu zen lehentasuna. Aimarrek uko egin zion airearen bila joateari eta piloteoan berriz ere Barriola nagusitu zen. Akatsak tartekatu egin ziren, markagailuan 19 eta 20nako berdinketak jarri arte. Baina, azken txanpan, Olaizola izan zen huts egin zuena.

Horrenbestez, Abel Barriolak lehen aldiz menderatu du Aimar Olaizola Lau eta Erdikoan, eta hala, bere laugarren finala jokatzeko txartela eskuratu du. Goizuetarrak, berriz, ezingo du bere laugarren txapela irabazi.



«Sari handia da niretzat»

DONOSTIA

Irribarretsu jaso zituen bere lagunen zorionak Abel Barriolak partida amaieran. «Hau niretzat sari handia da. Oso pozik nago finalean sartzeagatik, baina, batez ere, gaur oso ongi jokatu dudalako. Aimarren kontra banekien partida oso gogorra izango zela eta berak normalean baino hutsen bat gehiago egin duela uste dut. Nik, berriz, sakearekin ongi asmatu dut, baita tantoa amaitzen ere. Hemen ezin da zalantzekin ibili, zirt edo zart egin behar da, eta ongi irten zait. Eskua pixka bat kargatuta daukat eta orkatilan ere min pixka bat badut, baina finalerako prest egotea espero dut. Une gogorrak pasatu ditut eta orain onak heldu dira», esan zuen irabazleak.



«Konfiantzarik gabe»

DONOSTIA

Ez zion aitzakia handirik jarri Aimar Olaizolak jasotako porrotari eta kantxan gozatu ezinik ibili zela onartu zuen. «Batere konfiantzarik gabe ibili naiz. Hasieran ez hainbeste, baina erdialdetik aurrera ez dut batere gozatu eta aurrera joateko ere beldurrez ibili naiz. 18na egon gara, 20na ere bai, baina tanto luze bat jokatu dugu eta pilotara gaizki jarri naizelako galdu dut tantoa. Pena izan da pilotan gusturago jokatu ezin izana, baina ez dago ezer esaterik. Beste urte batzuetan ni izan naiz hobeto ibili izan dena eta txapelak irabazteko zortea izan duena. Aurten besteren batek jantzi beharko du txapela eta hori ere normala da», adierazi zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Sanz cambia de estrategia y ofrece un pacto al PSN
Jendartea
La revisión de las normas subsidiarias de Bastida, a examen
Euskal Herria
EHNAren saltoki gidak, euskal naziotasuna egunerokoan kaleratzeko bide
Kirolak
El Athletic del «casi» y las mil caras
Kirolak
Soldado prorroga la etapa Ziganda
Mundua
La represión policial se cobra otras seis vidas en la revuelta de Oaxaca
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss