GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Editoriala 2006-12-04
Zuzenbidearen erabilera makurra

Bi euskal abokaturen aurkako epaiketa esan liteke bitxia gertatzen dela, horren larria ez balitz. Unai Errea eta Itziar Larraz beren lana egiten atxilotu zituzten, zenbait euskal preso politikoren defentsan, hain zuzen. Euskal preso politikoen defentsa eskubidea etenik eta mugarik gabe urratzen baitute. Defentsa eskubidea, Estatuaren interes politikoen gainetik dagoen oinarrizko eskubide indibiduala, hutsaren hurrengoa da Estatu frantsesarentzat. Terrorismoaren kontrako borroka delakoaren aitzakian disidentzia ­dela euskaldunena, dela bretoien zein korsikarrena­ ezabatzeko edozerk balio duela erakutsi dute.

Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat abokatu elkarte asaldatu egin dira, Estatu frantsesean kezka sortu du auziak, abokatuen kontrako erasoa ere bada-eta auzi hau. Eta badute asaldatzeko eta kezkatzeko motiborik. Estatu espainolaren irudi eta antzera, zio politikoek eragindako lege aldaketa etengabeak egin izan dituzte 1986tik hona, poliziaren eskumenak handituz eta aparteko aparatu judiziala sortuz. Ez dirudi jokabide hori justiziaren independentziarekin bateragarria denik. Atxiloketatik epaiketarainoko eskubide urraketak abokatuari bere lana egitea oztopatu eta galarazteraino iritsi dira. Eta defentsa eskubidea Zuzenbidearen erabilera makurra eginez desagerrarazi dute.

Polizia eta epaile aparatu aparteko hori Sarkozy Legeak osatu du pentsaezinezko mugaraino. Defentsa eskubidea murriztea eta oztopatzea instantzia guztietara zabalduta, abokatuei berei erasotzera iritsi baita. Ustez eskubideen bermatzaile den sistemak mugarik gabeko akusazioa jarri du indarrean: terrorismo akusaziopean dagoen laguna defendatzeak terrorista bihurtzen du abokatua, eta sistema horretan ez dela kabitzen adierazten dio. Horra, beraz, estatuak abokatuei egindako oharrarazpena, beren jarduera juridikoa bazter uztea dutela irtenbide bakarra. Zorionez, asaldura ez ezik elkartasuna ere eragin du bi euskal abokatuen egoerak, Euskal Herrian bezala Europan.

Euskal Herrian normalizazio prozesua hasi baino lehen, ETA erakundearen su-etena baino lehen, hainbatek, eta ez ezker abertzalekoek, hain zuzen, distentsio keinuak eskatzen zituzten, prozesuari eutsi eta aurreratzeko ezinbestekotzat jotzen baitzituzten. Epaiketa hori eta gisako prozedurak larriak dira une oro, eta Euskal Herrian gaur egun indarrean dagoen errealitatea kontuan hartuta, berriz, larriagoak. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kirolak
Un camino que no conduce al triunfo
Kirolak
La calidad de los brasileños decide
Kirolak
23 puntos de renta pese a otras tantas pérdidas
Euskal Herria
Mimbres teóricos y prácticos para el cesto de la territorialidad
Mundua
Calma y gran participación en las elecciones venezolanas
Mundua
El dictador Pinochet sufre un infarto de miocardio que pone en peligro su vida
Kirolak
Voltereta rojilla con regalo final incluido
Euskal Herria
Otegi denuncia el intento de «intoxicación» en torno a las cuestiones políticas
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss