GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-12-04
Elena MARTINEZ | Euskara-alemana hiztegiaren egilea
«Atzeratuta gaude Euskal Herrian atzerriko hizkuntzen irakaskuntzan»
Euskara-alemana/Alemana-euskara lehen hiztegia aurkeztu du orain gutxi Elena Martinez Rubiok. Bere ustez, atzerriko hizkuntzen irakaskuntzari dagokionez «atzeratuta» gaude Euskal Herrian. Eta, bere lana, bi hizkuntzen arteko zubia osatuz, «hutsune» bat betetzera datorrela ere iritzi dio. Nolanahi ere, erabat berria den hiztegia aurrera ateratzea ez da erraza izan; diru-laguntzarik ez du izan, esaterako.

Filosofian doktore izateaz gain, Euskal Filologian lizentziaduna ere bada Elena Martinez. Hiztegigintzan jarduna da UZEIn, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia irakaslea ere izan da, besteren artean. “Egin”en eta GARAn Iritzi Saileko kolaboratzailea izan da. Hiztegi berria kaleratu du Elkarren eskutik.

­Zure esanetan, bi hizkuntzen arteko zubia osatuz, hutsune bat betetzera dator hiztegia. Hala al da?

Hizkuntzen ikaskuntzaren arloan oso kaltegarria izaten da hirugarren hizkuntza batera jo behar izatea. Itzuli alferra. Erdararen alferreko makuluak gurean. Hizkuntzen arteko hurbilketak zuzenak izan behar dira. Euskarak lan-tresna egokiak behar ditu normalizaziorako bidean. Amaiera eman behar diogu gaztelania eta frantsesarekiko menpekotasun horri. Era berean, ikuspegia zabaldu eta beste herriekin nahiz beste hizkuntzekin neurtzeko gai izan behar gara euskaldunok, geure izaerari eutsi nahi badiogu. Izan ere, hizkuntza moderno guztiek dute gaur aleman hiztegia. Katalanek ere aspalditik dute. Alemana abangoardiako kultura-hizkuntza garrantzitsua da, ehun bat milioi lagunen sor-mintzaira izateaz gain.

­Lehen hiztegia da zurea. Premiarik ba al zegoen halakorik kaleratzeko? Zergatik?

Atzeratuta gaude Euskal Herrian atzerriko hizkuntzen irakaskuntzari dagokionez. Esaterako, Euskal Herriko Hizkun- tza Eskola Ofizialetan ez dira talde euskaldunak sortu. Eta negargarria da ikustea gaztelania dela bertan erreferentzia bakarra, ikasle gehienak nahiz irakasleak euskaldunak izanda ere. Horrela gaztelania edo frantsesa indartzen ditugu, ez euskara. Gainera, alemanari buruz, errazagoa da hizkuntza hau euskaratik abiatuta ikastea, gaztelaniatik baino. Fisika edo Filosofia ikasgaiak euskaraz ematearen alde borroka egin zen bezala, atzerriko hizkuntzen irakaskuntza ere euskaraz bideratzeko gai izan beharko genuke. Ildo berean, bi hizkuntzen arteko zubigile diren hiztegiok ezinbestekoak zaizkigu.

­Zergatik ez da ba, zure ustez, orain artean antzeko hiztegirik atera?

Badirudi gizartearen bilakaerak eta etorkizuneko beharrak aurreikusteko gaitasun falta dagoela, bai eta epe luzeko plangintzak egiteko ere, ahaztu gabe horiek betetzeko ondoren egin behar den egiazko jarraipena. Erakundeez ari naiz. Horiek jendearen ekimenen atzetik joateko ohitura hartu dute hemen. Horren ondorioz atzeratu da halako hiztegi baten argitalpena, Euskal Herrian itzulpengintza nahiz atzerriko hizkuntzen ikaskuntza urtez urte hazten joan den bitartean. Hezkuntza sisteman duela gutxi arte hizkuntzen ikasketari eman zaion leku txikia kontuan hartuta, ulergarria litzateke herritarrek lan-tresna egokien premia horretaz lehenago ez jabetzea. Harrigarriago da, izan ere, jarrera hori gure erakunde begi-laburretan topatzea.

­Nori zuzenduta dago?

Hiztegi honek aleman kulturara hurbildu nahi ditu euskaldunak: ikasle, itzultzaile, idazle, kazetariak eta hainbat alorretako adituak, oro har. Bestalde, alemanez egiten den herrialdeetan ere jakin-min handia dago euskararen inguruan. Ezagunak dira XIX. mendeko alemaniar hizkuntzalarien ikerketak euskararen alorrean. Gaur ere irakasten da euskara hango unibertsitateetan. Horrexegatik, Alemaniako argitaletxe bat arduratuko da hiztegi honen banaketaz alemanez egiten den lurraldeetan. Hiztegia, beraz, aipaturiko bi talde horiei zuzendua da neurri berean. Alemanezko hitza ezagutzen ez duen euskaldunak hor bilatu dezake erantzuna, bai eta euskarazkoa ezagutzen ez duen alemanak ere. Sarrera kopurua eta ezaugarriak oso antzekoak dira bi ataletan.

­Zaila al da halako hiztegi bat prestatu eta aurrera ateratzea? Laguntzarik izan al duzu?

Bi hizkuntzok inoiz ez dira parekatuak izan era sistematikoan, hiztegi batek eskatzen duen eran, alegia. Lan hau erabat berria izan da, bai eta egiteaz batera sortu diren arazoak eta zailtasunak ere. Horrez gain, alemana hizkuntza erromanikoa ez denez, eremu landugabean sartu behar izan naiz. Lanaren aberastasuna eta ekarpena berritasun horri zor zaizkio, bestalde. Hiztegi hau diru-laguntzarik gabe egin da. Diru-laguntzarik ezak zera esan nahi du; egilea bere kabuz arduratu behar dela aurrera egiteko beharrezkoak diren diru-iturriez, hiztegirako lana egiteaz gain, lan ordu gehiago eginez beste edozein arlotan. Horrek, noski, luzapena dakar berekin.

­Zeintzuk dira hiztegiaren ezaugarri nagusiak?

Hiztegia gaurko hiztunak maizen erabiltzen duen oinarrizko hitz-ondareaz osatua dago, hitz teknikoak barne. Egiturari dagokionez, laster erabiltzen ikasten den tresna da. Ezaugarri berezien artean, duen sarrera kopurua kontuan hartuta (33.000 inguru), adibideak eta lokuzioen ugaritasuna da aipatzekoa (4.600). Hitzak nola erabili behar diren erakusteko, itzulpena baino lehenago azalpen zehatzak dakartza behar den guztietan, bai eta jakintza-arloaren aipamenak ere. Horrela, testuingururik ez izateak sortzen ohi duen nahasmenari aurre egin nahi izan zaio. Beraz, adibideek nahiz esapideek adiera desberdinen artean bereizten eta aukeratzen laguntzen dute. Azkenik, gramatika-kategoriak dakartza, eta alema- nezko atalean izenen genitiboa eta plurala ere ematen dira.-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kirolak
Un camino que no conduce al triunfo
Kirolak
La calidad de los brasileños decide
Kirolak
23 puntos de renta pese a otras tantas pérdidas
Euskal Herria
Mimbres teóricos y prácticos para el cesto de la territorialidad
Mundua
Calma y gran participación en las elecciones venezolanas
Mundua
El dictador Pinochet sufre un infarto de miocardio que pone en peligro su vida
Kirolak
Voltereta rojilla con regalo final incluido
Euskal Herria
Otegi denuncia el intento de «intoxicación» en torno a las cuestiones políticas
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss