Itsasondoarrek ezezko biribila eman diote AHT proiektuari herri kontsultan
»Abiadura Handiko Trenaren alde zaude, bai ala ez?» galdetu zuten atzo Itsasondon Udalak bultzatutako herri kontsultan. Hemezortzi urtetik gorako 525 herritar zeuden deituta, eta 232k eman zuten boza; horietatik 205ek ezetz erantzun zuten, 25 lagun alde agertu ziren, eta bik zuri bozkatu zuten. «Itsasondo AHTren aurka argi eta garbi agertu da», esan zuen alkatetzak, eta Madrilgo eta Lakuako gobernuei herritarren erabakia «errespeta dezatela» exijitu zien.
ITSASONDO
Galdera zehatza egin zieten atzo Itsasondoko Udaleko kideek bizilagunei: «Abiadura Handiko Trenaren alde zaude, bai ala ez?». Bi hilabeteko plangintzaren azken txanpa izan zen kontsulta, parte-hartzea oinarri izan duen ekimenaren amaiera. Lehenengo bi asteetan hainbat talderekin solasean aritu zen teknikari bat, herritarren zalantza eta kezkak ezagutze aldera. Gero bi batzar egin zituzten prozedura nola jarraitu adosteko. Desinformazioa handia zela jabetu zirenez, AHTren proiektuaren aldeko eta kontrako argudioen berri eman zuten hitzaldi eta mahai-inguruetan. 9.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 20.00etara egon ziren atzo hautestontziak irekita. Eguerdian, Udaleko lagun batzuek lehenbiziko balorazioa egin zuten prentsaren aitzinean, eta eskerrak eman zizkieten bozkatzeko mahaiak zaintzeko ardura hartu zutenei. «Itsasondon erroldatutako eta 18-50 urte bitarteko bizilagunen artean zozketa egin genuen. Bi orduko lau txanda antolatu genituen, bakoitza bi pertsonarekin. Ez zen derrigorrezkoa parte-hartzea, eta asko eskertzen dugu herritar horien konpromisoa, baita bi hilabeteotan lanean aritu diren beste guztiena ere», erran zuen Danel Etxeberria zinegotziak, Xabier Iturrioz alkatea eta Amagoia Etxeberria zinegotzia ondoan zituela. Itsasondoko 611 biztanleetatik 525ek zuten boza emateko eskubidea, eta mugimendua nabari zen udal liburutegian, nahiz eta jendetza izugarririk ez izan. Danel Etxeberriak goiz osoa eman zuen bertan, eta lasai joan zela jakinarazi zuen, inongo iskanbilarik gabe. «Parte-hartzea sustatuko zuen prozedura martxan jartzeko hartu genuen Abiadura Handiko Trenaren gaia, proba egiteko eta ikasteko, herrian demokrazia parte-hartzailearen gainean zerbait planteatu zitekeela ikusten baikenuen», argitu zuen zinegotziak. Informazioa helarazten saiatu dira; hitzaldien bidez, planoak ikusgai jarritaŠ Oso zaila iruditzen zaie bizilagunen %100era ailegatzea, baina aukera mahai gainean jarri diete, behinik behin. AHTren proiektuaren alderdi positiboak eta negatiboak agertu dituzte herritarrek oinarridun iritzia izan dezaten. «Horretan egin dugu ahalegin handiena baieztatu zuen Xabier Iturrioz alkateak. Lakuako Gobernua ere gonbidatu dugu gurekin lan egitera, parte-hartzea ahalik eta zabalena izan dadin». Danel Etxeberriaren aburuz, ohitura gutxi dago halako ekimenak gauzatzeko. «Agintariek ez dituzte herritarrak oso kontuan izaten, eta gabezia nabaritzen da gisa honetako prozedurak abiatzean. Badakigu zenbait herritan gaia lantzen ari direla, udal ordezkari batzuk gurekin mintzatu baitira. Gure ereduak akatsak izango ditu, baina ahalik eta txukunen egiten saiatu gara. Egin ahala ikasten da, gainera». Aralarrek bat egin zuen Itsasondon egindako galdeketarekin, eta Debagoieneko udaletan era horretako galdeketak egiteko mozioak aurkeztuko dituela iragarri zuen. «Ezinbestekotzat jotzen dugu herritarren iritzia jasotzea», adierazi zuen.
«Etxe gainaldetik pasatuko zaigu trena, baina inork ez digu ezer galdetu»
M.I.
ITSASONDO Zalantzati mintzatu zitzaigun Manuel Aramendi itsasondoarra atzo goizean, boza eman ondoren. «Ez dakit zenbateraino izan daitekeen mesedegarri Abiadura Handiko Trena», adierazi zuen. Etxeberri baserrikoa da Aramendi, eta alderdi positiborik ere ikusten dio bere lurretatik pasatuko den trenari: «Gauzak ondo eginez gero, bi ordutan joango gara Madrilera», ohartarazi zuen. Makroproiektuak ekarriko lituzkeen onurei buruz ari zela, bertze bi herritar etorri ziren eta zera ziurtatu zioten: «Guretzat ez da batere abantailarik izango». Ez dutela halako azpiegitura handirik eraikitzerik nahi azaldu zuten; «txikizio handia eragingo luketelako eta ez direlako premiazkoak». Etxe gainaldetik igaroko zaie trena, aztertzaileak ikusi dituzte inguruan, baina inork ez die deus galdetu. «Ez digute informaziorik eman, dena ezkutuan egiten ari dira. Beraz, oso positi- boa iruditzen zaigu Udalaren ekimena». Iritzi berekoak dira Aloña eta Nikolas ere, eta kezkatuta daude proiektuak ekarriko dituen ondorioengatik. «Trena herritik pasatuko ote den beldur gara, aldaketa handiak eragingo dituelako eta ingurua izorratuko duelako. Gainera, hiri nagusientzat soilik izango da onuragarria». Ez zaie beharrezko azpiegitura iruditzen eta ahalegina bertze arlo batzuetan egin beharko luketela ohartarazi zuten, etxebizitzen eta osasunaren alorretan, adibidez. Proiektua gelditu daitekeen galdetuta, aho batez erantzun zuten ezetz, nahiz eta berehala gaineratu esperantza beti hor dagoela eta ona dela herri-kontsulta egitea iritziak ezagutzeko.
|