Ajangizko etxe berrien %25 alokairuzkoak izateko deia
AJANGIZ
Alkatetzaren etxebizitzak eraikitzeko proiektua kritikatu du Ajangiztarrok herri plataformak, eta alegazioak aurkeztu ditu etxe horiek eskuratzeko jarri dituen baldintzengatik. Legedi espainola aplikatzearen ondorioz, EAJren eskuetan dagoen udal gobernuak etxe kontzertatuen alde egin duela kritikatu dute, eta bestelako proposamen batzuk ez dituela kontuan izan salatu. Etxeak eraiki baino lehen, herritarren beharrizanek aztertuta egon beharko luketela esan dute, eta eraiki direnen %25 alokairu sozialeko etxebizitzak izateko dei egin dute.
Ajangiztarrok plataformaren alegazioak puntu bi ditu: EAJk ezarri duen 15.500 euroko urteko diru sarreraren muga 9.000 eurora jaistea, aukerak zabaltzeko; eta 2004tik hona erroldatutako lagunei zabaldu beharrean, 1999tik erroldatuta daudenak onartzea. Ikasketengatik edo lanagatik erroldan egindako aldaketak kontuan hartzea planteatzen dute, edota puntuazio sistema erabiltzea sailkatzeko.
Bestalde, etxeak eskuratzeko planteatzen duten zozketa egin beharrean, baremazio sistema proposatzen dute, bide hori «bidezkoagoa» ikusten dutelako, eta «puntuazio sistemarekin beharrizan handienak» kontuan har daitezkeelako. Plataformaren eskakizunekin bat egiteko aukera izango da herrian.
|