Ertzaintzaren oldartzea Bilbon eta kale eraso gehiago azken atxiloketen ostean
Zigor Garro, Marina Bernado eta Ekain Mendizabal atzo epailearen aurrera eraman zituzten. Polizia etxean dira Eneko Bilbao, Borja Gutierrez eta Zorion Salsamendi. Azken atxiloketa horien ondorioz kale erasoak eta protestak izan dira Euskal Herrian; ostiral gauean Ertzaintzak gogor egin zuen Bilboko Alde Zaharrean.
BILBO
Quezac eta Labesserette herrietan egindako sei atxiloketek zeresan ugari ematen jarraitzen dute. Larunbatean harrapatutako Eneko Bilbao, Borja Gutierrez eta Zorion Salsamendi komisaldegietan zeuden atzo, eta haiei buruz ez zen inolako berririk zabaldu. Albiste agentziek adierazi zutenaren arabera, etxearen miaketan Polizia frantsesak «agiri faltsuak», «lapurtutako» matrikulak, armak, ordenadoreak eta ustez ostutako bi kotxe aurkitu zituen.Zigor Garro, Marina Bernado eta Ekain Mendizabal, bitar- tean, Levert epailearen aurrera eraman zituzten. Azken atxiloketa horiek mobilizazio eta protesta ugari eragin dituzte. Berangon, esaterako, 83 lagunek manifestazioa egin zuten (Borja Gutierrez bertakoa da). Bilboko San Inazio auzoan, larunbatean, 100 lagunek egin zuten manifestazioa eta atzo 150ek. Era berean, Alde Zaharrean Ertzaintzak pertsona bat atxilotu zuen larunbat gauean «baimenik gabeko» mobilizazioan parte hartzeagatik. GARAri jakinarazi ziotenez, 120 laguneko manifestazioa hasi eta berehala, Ertzaintza agertu eta haien kontra oldartu zen. Atxilotu bat izan zen ondorioz, Lakuako Barne Sailak baieztatu zuenez. «Mehatxuak», «irainak» eta «istiluak eragitea» leporatu omen diote Erribera kalean atxilotu zuten horri.
Erasoak Bilbon eta Getxon
Atxiloketen ondoren kale eraso gehiago izan dira. Bilboko Lehendakari Agirre Etorbidean dagoen Peugeot etxeko auto-denda baten kristalak apurtu zituzten. Larunbat gauean ere, hamaikak jo baino lehen, Getxon kutxazain bati su eman zioten. Udaltzaingoak itzali zuen sua.
|