Amaia URIBE
Ibon ajuria nagusi durangon
Ezustekoa eman, eta finalista izandako bertsolarien aurretik sailkatu zen Ibon Ajuria azken finalaurrean. Etxahun Lekue eta Igor Muniategi izan ziren puntu gehien lortu zituzten hurrengo biak. Hiru bertsolariok Durangotik Euskaldunako finalera egingo dute salto, eta eurekin lehian arituko dira Arkaitz Estiballes, Iratxe Ibarra, Xabier Paia, Onintza Enbeita eta Fredi Paia.
Atzoko saiotik hiru finalean izango dira, baina beste hirurak ere saiatu ziren barruko onena ematen. Laugarrena Beñat Ugartetxea izan zen, eta atzo ere haren umoreak barre algara bat baino gehiago eragin zuen. Hurrengo sailkatua Miren Ibarluzea izan zen, eta bere lehenengo finalaurrea izateko fin aritu zen. Seigarrena Gorka Lazkano izan zen. Durangarrak etxean jokatzen zuen, eta igarri zen publikokoen txaloetan. Potoren bat edo beste egin arren, ale onak utzi zituen.Saio bizia eta polita izan zen Durangokoa. Ezkurdi pilotalekuan batu ziren 800 zaleek gozatzeko aukera izan zuten, batez ere ofizioetako saioekin. Zortziko handian hasi ziren bertsolariak, eta lehen unetik bertso onak entzun ziren. Ugartetxea eta Ajuria izan ziren lehenengoak. Beñatek etxe bat jaso zuen herentzian, baina 30 urtean etxe horretan bizi izandako Ibonek ez zeukan alde egiteko asmorik. Ugartetxeak 1.200 euroko tratua egitea proposatu zion eta Ibonek bigarren bertsoan erantzun zion: «300 euro hartu egizuz gehiago eztot emongo». Ugartetxea ez zegoen amore emateko, eta Ajuriak ondo biribildu zuen lana: «ni borondatez enaz joango ta ezingo nozu atara/ legez zurea izan daiteke, sentimenduz nirea da». Miren eta Etxahun 20 urtez preso egon eta kalera irtetear zeuden, baina Etxahun beldurtuta zegoen. Bere lehen bertsoa nabarmentzekoa izan zen: «lau horma artean egonak gara ez dakit zenbat denboran/ orain eztakit zer dan herrian ez dakit zer dagon modan/eta ez dakit gizarte hortan lekurik eukiko dodan». Bigarren bertsoan ere beldurrez zegoen Lekue: «20 urtean galdu doguna berreskuratuko al dugu».
Saio umoretsua Gorka Lazkano eta Igor Muniategi ere ondo ibili ziren. Igorrek Gorka bikotekideari bere etxera bizitzen joateko eskatu eta etxera joatean, Igorren ama ere bertan bizi zela ikusi zuen durangarrak. Muniategik amarekin bizitzearen alde egin zuen: «deputamadre biziko gara biok kriada ta guzti». Lazkanok, hala ere, ez zeukan Igorren amarekin bizitzeko gogo- rik: «jakizu neuk be neure etxean badaukat neure kriada/ beraz laztana bakoitza bere etxean egongo gara». Igor Mu- niategik erantzun ona eman zion: «zeurea ere ekarri eta bi edukiko ditugu».
Zortziko txikian ere ederto aritu zen Ajuria. Oraingo honetan Miren Ibarluzearekin kantatzea egokitu zitzaion. Ilargira bidaia tokatu, eta atzera kontaketa hastean Ibonek zurbil ikusten zuen Miren. Bigarren bertsoarekin barreak eragin zituen: «gustora egongo zara hor goitik polite/ beti izan zara zu nahiko satelite». Hurrengo bertsoan espaziontzitik jaisteko berandu zela zioen, eta Ibarluzeak ondo amaitu zuen azken bertsoa: «ia bidaia ez dan niganako burla/ zin eistazu ilargian itxiko enauzula».Ugartetxea eta Muniategi ere ondo aritu ziren. Ugartetxearen etxera joan zen Muniategi iturgina, eta biluzik azaldu zitzaion bezeroa. Beñatek esan zion: «ataskatu egin zait neure tuberia», eta egoki erantzun zion Igorrek: «tuberia daukazu zikinez gainezka/ hori askatuko duen iturginik ezta». Hamarreko txikian, gai polita egokitu zitzaien Ibarluzea eta Muniategiri. Aspaldian elkarrekin berbarik egiten ez zuten bikotea ziren, eta afaltzen zeudela argia joan zela-eta, hizketan hasi ziren. Bere bigarren bertsoan hitz-joko bizia erabili zuen Mirenek: «musu gozo bat eman, besarkatu arren/ ia argirik ezak argia dakarren».
Kartzelan denetarik Ofizioen ostean kartzelakoa heldu zen. Lehen puntuari ondo erantzun zion Ugartetxeak. Puntuak «abiadura handia hartzen dabil trena» zioen. Saioa Durangon izanik, eskualdeari erreferentzia egin zion mallabiarrak: «eta pasatuko da herrian barrena/ suntsitu behar digu eskualde dena/ horixe izango da harek dakarrena».
Hiru bertsorekin erantzun behar izan zioten gaiari. Urteetan beren etxea izandakoa utzi behar zutela-eta, gauza guztiak kutxetan gordetzen zebiltzan bertsolariak. Ibon Ajuria ederto ibili zen. Lehenengo bertsoan zortziko handiko ofizioaz gogoratu zen, Ugartetxeak baserria kenduko ziola-eta triste zegoela esanez. Bigarren bertsoan gizartean dagoen arazo bati kritika egin zion: «ezin gara baina egin toki duin baten jabe/ horrenbeste gazte gagoz etxebizitzarik gabe». Hala ere, bertsorik politena azkena izan zen, ironia puntu bat erabili baitzuen: «joan beharko naz leku hontatik aparte/ Etxebiden loterian zeozer tokatu arte».Etxahun Lekuek ere ondo bete zuen bakarreko lana. Puntuei ondo erantzun, eta hiru bertsoak egiteko Abiadura Handiko Trenaren ildotik jarraitu zuen. Bigarren bertsoa oso ondo joan zen: «euren ustean hor dabiz behar legez jokatzen/ nik diñotsiet ostera ez dabizela zuzen/ trenbide bat eurentzako bakarrik eraikitzen/ ta baserritar danontzat txoilo dana amaitzen/ hogei minututan Bilbon ordu erdian Gasteizen/ ta bitarteko herriak baserri gabe hiltzen». -
|