Gaurtik hasi eta aste honetan milaka herritarrek hartuko dute parte Osakidetzaren lan deialdian. Berriz ere euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketa betikotzea ahalbidetuko duen lan deialdiaren lehiaketari hasiera emango zaio. Izan ere, gogora dezagun lau langiletik hiruk herritarren eskubideak urratzea ahalbidetuko duela gaurtik aurrera izango den lan deialdiak.Horren berri eman zuen Behatokiak azaroaren 3an, izan ere, azken bost urteotan kezka handiz ikusi ahal izan dugu zein diren euskaldunok osasungintzaren eremuan pairatutako urraketak. Urterik urte beltzunea izan da osasungintza, eta 2005eko txostenean adierazi bezala, beltzune are ilunagoa da, hizkuntza-eskubidea ez ezik osasun-eskubidearen bermea ere auzitan dagoelako.
Lanpostuetan ezarritako ezagutza-mailaz gainera, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak deialdiaren prozeduraren azterketa ere egin eta horren emaitzak helarazi zituen. Gogoratu behar dugu 2002ko lan deialdian zenbait arazo izan zituztela euskaraz azterketa egin nahi izan zuten herritarrek, besteak beste, aski ezagunak izan ziren fisioterapeuta lanpostuetarako azterketen gorabeherak: galdera baten lau erantzunak zuzenak izan ziren, orrialdeak falta izan ziren etab.
2006ko prozeduran ere euskarak bigarren maila izan du: lanpostuetako gai-zerrendak sarean esekita egon dira pare bat hilabetez, baina euskarazko gehienak Aldizkari Ofizialean argitaratu arte ez dira egon eskuragarri; azterketa euskaraz egin nahi zutenek propio eskatu behar izan dute eta erabat loteslea da hartutako erabakia; gaztelaniaren derrigorrezko ezagutza ere ezarrita zegoen, beraz, iparraldeko euskal hautagaiek berezko hizkuntza jakin arren ez zuten aukerarik aurkezteko, baldin eta beste hizkuntza ofizialaren ezagutza egiaztatzen ez bazuten...
Horretaz gainera, eta adibide bat jartzearren, familia-medikurako lanpostuetara aurkeztu direnek webgunean lortu ahal izan dute galderen multzoaren gaztelaniazko bertsioa; euskarazkorik ez, nahiz eta galdera horiek izango diren azterketan oinarri.
Horren berri ere eman zuen Behatokiak azaroaren 3an eta hizkuntzarengatiko bereizkeriarik egon ez zedin bitartekoak jartzeko eskatu zien agintariei. Azterketa eguna den honetan, berriz, bereizkeriak bere horretan dirau.
Hori guztia horrela izanik ere, zenbait herritarrek azterketa euskaraz egiteko hautua egin dute. Horiek ez dira hizkuntza zabar eta utzikeria handiz tratatzen dutenak, bereizkeria larria jaso dutenak baizik. Ondorengo balorazioetan ez du balio esateak hiruzpalauk besterik ez zutela azterketa euskaraz egitea eskatu, eta euskaldunok ez gatzaizkiola hizkuntzari atxikitzen. Euskaraz egin nahi duenak gaur ikusiko ditu lehen aldiz galderak euskaraz, gaztelaniaz egin nahi dutenak orain dela bi hilabetetik ari dira galderak prestatzen.
Azken boladan, behin eta berriro ari zaizkigu esaten, hizkuntza-eskubideen bermea administrazioei dagokiela, are gehiago, hizkuntza-eskubideen babesean lan egiten dugunon lana salaketatik haratago ezin joan daitekeela jakinarazi dute. Zalantzarik ez dut eskubideen bermea administrazioei eta agintariei dagokiela, baina ez du balio zeini zer dagokion esatea, eta zeinek berea ez egitea.
Behatokiak bere izaerari eta helburuei dagokien lana egin zuen, hain zuzen ere, egoeraren berri eman genuen eta hori ez gertatzeko bideak jar zitzala eskatu genion Administrazioari. Gaur, azterketaren egunean, familia-medikuaren lanpostuetarako izena eman duten herritar euskaldunekiko bereizkeria bere horretan dago.
Non dago Behatokiak baino haratago jo behar zuen zerbitzua? Non dago hizkuntza-eskubideak bermatu behar dituen zerbitzua? Antza, Osakidetzan ez dute gogoko azken asteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zabaldu den birusa. Gripearen birusari aurre egiteko bezalaxe, bizi- kidetzaren birusaren aurkako txertoa hartua omen du Osakidetzak. -