GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-12-06
XVI. mendeko baleazaleen uberan, «Apaizac obeto» idatzi du Jon Maiak
Aurten, ekainaren 5ean, Pasaiako Albaola elkarteko zazpi lagunek «Beothuk» txalupan Quebec-etik abiatu eta, berrogei egunez, arraunez eta belaz, batez beste mila itsas milia (2.000 kilometro inguru) nabigatu zituzten, Red Bayra iritsi arte. Espedizio hark, «Apaizac obeto» izenburukoak, XVI. mendeko baleazale euskaldunen abentura «gizarteratzea» zuen helburu. Jon Maiak egin zituen notarioarenak, eta bere aktek, orain, liburu itxura hartu dute Elkarren eskutik.

DONOSTIA

«Edozein historiazalek edo abenturazalek beti amestu duen abentura horietako bat bizitzeko zortea izan dugu eta horrek liburua merezi zuen, nahiz eta, egia esan, niretzat zailagoa izan den ‘Apaizac obeto’ liburua biribiltzea espedizioa bera burutzea baino», adierazi zuen atzo Jon Maiak.

Espedizio benetan berezi eta ezohikoa izan zen, ezbairik gabe, eta hari buruzko liburuak ere hala behar zuen. «Ez genuen luxuzko argazki liburu garesti horietako bat nahi eta liburu eredua bera asmatu behar izan dugu ­esan zuen Maiak­. Historia handia ­XVI. mendeko euskal baleazaleen abentura­ eta istorio txikia ­‘Apaizac obeto’ espedizioa­ gizarteratzea genuen helburu. Beraz, ezin genuen bakar-bakarrik oso interesatuta dagoen jendearentzako historia liburua egin, ezta liburu erabat grafikoa ere. Eta, azkenean, asmatu egin dugula uste dut: liburua dokumental bat balitz bezala planteatu dugu, hau da, oso bisuala, baina, aldi berean, informazioa ematen duena; informazio arina, edozeinentzat ulergarria, baina nahikoa. Nik liburua amu koloretsu baten moduan ikusten dut, jakin-mina pizteko eta jendea XVI. mendeko abentura hartara eta, oro har, itsas ondarearen gaietara erakartzeko».

Liburuaren alde grafikoan, batez ere Jean Leonarden argazkiek dute protagonismoa, baina badira agiri historikoak eta marrazkiak ere, den-denak Ainhoa Lukasek eta Unai Aranak egin duten diseinuan txukun integratuta.

XVI. menderako bidaia

Xabier Agote Albaolako lehendakariak eta Robert Grenier arkeologo ospetsuak hitzaurre bana egin dute, baina gainerako testu guztiak Jon Maiak idatzi ditu. Testuotan garrantzi handia dute espedizioan zehar Maiak idatzi zituen kronikek, argazki eta informazio jakingarri askorekin osatuta baina. Horrela, XVIII. mendeko bertsoak, herri amerindiarren egungo egoera, itsasoaz bestaldeko euskal toponimia eta beste hainbat gai jorratu ditu Maiak.

«Kronikak ­esan zuen­ egun neketsu haietan idatzitakoak dira; beraz, zuzenean, baherik gabe, paperera pasatako sentipenak dira. Hasieran ez neukan garbi liburuan sartu behar ziren ala ez, baina gero pentsatu nuen merezi zuela, azken finean, jende askok ez du aukera historia lehenengo pertsonan bizitzeko, guk bizi ahal izan dugun bezala. Eta testigantza hori liburuan islatu behar zela erabaki nuen. Izan ere, hau ez da idazle batek liburu eta agirietara joz idatz dezakeen liburua, bizipenetan oinarritutako liburua baizik. Hain justu, hori da bere balio nagusietako bat».

Atzoko aurkezpen ekitaldian, Xabier Agote Albaolako lehendakariak ere hartu zuen parte. Gogoratu zuenez, itsas kultura defendatzea eta gizarteratzea da elkartearen helburua. “Beothuk” txalupa eskuz egindakoa da, XVI. mendean Red Bayn hondoratu zen txalupa baleazale baten planoei jarraituz. “Beothuk” zen garai hartan Labradorren bizi ziren amerindiarren izena, eta horregatik bataiatu zuten txalupa horrela. “Apaizac obeto” espedizioaren izena, berriz, bi mendez euskaldun eta indiarren artean indarrean egon zen lingua franca-ri dagokio. Euskaldunek «zer moduz?» galdetzen zutenean, bertakoek «apaizac obeto» erantzuten omen zuten. Txalupa ez ezik, espedizioan erabilitako bela nahiz tripulatzaileen jantzi guztiak ere eskuz egindakoak dira, XVI. mendean bezala.

Agoteren ustez, «harrigarria» da itsas kultura zein puntutaraino den ezezaguna euskaldunen artean. Erakundeek behar beste egiten ez dutela ere salatu zuen. «Idiazabal gazta ona da, baina gurean besterik ere bada», esan zuen. Nolanahi ere, Albaolak lanean jarraituko du. «Liburu hau tresna polita da. Laster prest egongo da Irusoin espedizioari buruz ekoizten ari den dokumentala eta Kanadara eramateko moduko erakusketa eder batean ere lanean ari gara», aurreratu zuen.



Haurrentzako «bertsioa», GARArekin
M.A.
DONOSTIA

Elkarrek argitaratutako “Apaizac obeto” ez da itsasoaz bestaldeko abentura horretatik liburu itxurarekin atera den emaitza bakarra. Izan ere, Maiak berak, haurrei begira, “Beothuk, azken txaluparen kondaira” idatzi du eta GARAk plazaratu du.

«Gure espedizioaren haurrentzako bertsioa dela esan daiteke ­adierazi zuen Jon Maiak­. Ipuin horretan bi dira ideia nagusiak: ametsen indarra berebizikoa dela, alde batetik, eta, bestetik, zurezko txalupatxo batek, egungo plastikozko gizartean, Nintendo eta Play Stationen garaian ere, sekulako abentura ahalbidetu duela».

«Ipuinean agertzen dena ­jarraitu zuen egileak­ fantasia handiko abentura dela dirudi. Baina guk geuk, ametsak esfortzuaren bidez gauzatuz, bizi ahal izan dugu».

Maiak espresuki nabarmendu nahi izan zuen J. Ignacio Treku marrazkilariaren lana. «Ipuinetako marrazkiak askotan irudimenetik ateratzen dira, baina kasu honetan esango nuke errealitatetik beretik sortzen direla. Trekuren kolorezko marrazkiek, izugarri ederrak izateaz gain, oso ondo islatzen dute guk bizi ahal izan dugun errealitate fantastikoa».

“Beothuk, azken txaluparen kondaira”, euskaraz eta ingelesez, etzitik aurrera eskuratu ahal izango da, GARArekin batean, 6,95 euroren truke, bai Durangoko Azokan, eta bai egunkariaren ohiko salmenta puntuetan ere.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
XVI. mendeko baleazaleen uberan, «Apaizac obeto» idatzi du Jon Maiak
Jendartea
El Colectivo Anti-Delación se organiza para hacerle frente a la ley Sarkozy
Mundua
La derecha francesa aprueba en solitario endurecer las penas contra los menores
Euskal Herria
El Foro de Ibaeta respalda los ayunos y exige «el fin del chantaje y la venganza»
Euskal Herria
Batasuna afirma que el proceso «es inviable en estas condiciones»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss