Miren Azkarate - Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua
Kulturaren bide berriak
Bide berriak urratzea da nire sailak hartutako konpromisoetako bat, kulturgintzaren enkarguz eta Kultura- ren Euskal Planaren bitartez. Ezagutza eta dibertsitatearen aroan gaudelarik, garbi dugu kultura-politika ez dela bakarrik gizartearen eta komunitatearen eraikuntzan zentralitatea izatera mugatu behar, baizik eta kultura-politikak bere ohiko tresnatik haratago joan behar duela, adibidez, sustatze politikak bultzatuz eta ekipamenduetan inbertsioak eginez. Aurrekontu sail horiek, hain zuzen, %11ko igoera izan dute Legebiltzarrera igorri dugun aurrekontu proposamenean eta horretan txertatzen da 7,5 milioiko inbertsioa ere Euskadiko Artxibo Nazionalaren sorrerari begira. Ikuspegi berri horretatik ulertzen da kultura ere badela eskumena eta zeregina beste sailetan, hala nola, Industria, Turismo, Gizarte gaietan, Hezkuntza eta Ogasunean, eta oihartzun nabarmenez arlo bakoitzean, gainera. Hala, euskal ekonomia ezin da ulertu balio materialik ez duten sormenezko industriarik gabe, ezta gure Ogasuna BEZa eta beste zerga batzuen zati diren kultura jardueratik eratorritako diru sarrerarik gabe edota kulturak turismoarengan eta oro har ekonomiarengan duen eraginik gabe. Gisa berean, hezkuntzako curriculumak ezin dira konprenitu kultura edukirik gabe, edo integrazio soziala gehiagora doan gizartearen inkulturizaziorik gabe. Bistan da Kultura Sailari ez dagokiola beste sailen politiketan sartzea, baizik eta erabilgarriak eta partekagarriak izango diren lankidetza ildoak sortu behar dituela, benetako gakoa izanik sail horiek kulturaren gaiari beren eskumenetatik heldu ahal izatea. Hori eginez gero, kultura-politika sakonagoa eta eraginkorragoa bihurtzen da. Eta hori da, hain justu, Ikus-entzunezko Klusterraren kasua, nagusiki Industriak kudeatua, edo Hezkuntzak gure laguntzaz egindako Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola bideragarria den ala ez ikusteko azterketa. Edota Ogasunak proposatutako formulak kulturarentzako finantzabide berriak zabaltzeko; baita etorkinen Integrazio kulturala lortzeko egitekoa ere, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailetik abiatuak. Sail horiek, guztiek, beren bidea egin behar dute, beraiei dagokie erabakitzea eta helmuga garbi ikusten duten neurrian murgilduko dira zeregin horretan. Eta, aldi berean, luberri horiek jorratzen Kultura saila lagun eta lankide izan eta izango dute. Kulturaren Euskal Planaren beste premisetako bat, kulturgintzaren eskariz, arlo berriak aztertzea eta jorratzea da, hala nola, arrisku-kapitala, finantzaketa berezitua, edo fiskalitatearen berritzea. Gure gain hartzen dugu erronka hori, jakinda bide batzuk beharrezko nahiz bideragarriak izan daitezkeela, eta beste batzuk, ez oso erabilgarriak, eta, horregatik, bideraezinak. Eta hori ez da, inolaz ere, porrota, baizik eta ardura hartzea eta ondorengo arriskua, gure kulturaren onerako. Bestela esanda, kulturak berezkoa duen sormenaren printzipioa kultura politikan aplikatzean dago koska. Dibertsitatearen eta kulturaren aroan, kulturaren arazoak ez dira konponduko baldin eta sortzaileak edo kultura enpresak (eskaintza eta arrisku-jarduerak izaki) beste edozein ekonomia jarduera gisa bakarrik hartuko bagenitu. UNESCOren 2005eko Hitzarmenean berezitasunaren printzipioa gomendatu digute. Bide zehatzak behar dira kulturen sostengurako, baina horri bi modu oso desberdinetan hel diezaiokegu: aparteko neurri bereiziak hartuz, edota kultur esparruan beste arloetan erabilitako neurri horizontalak ezarriz. Bigarren bide horrek lor ditzake erakunde arteko adostasun gehien; hartara, dekretuak zein garapen-arauak behar dira, neurri handi batean Kultura Sailetik kudeatuak, baina baita beste esperientziak moldatuz ere. Horrela jokatuz gero, Kulturaren Euskal Plana tresna berritzailea eta etengabe eguneratzeko modukoa da, politika zaharrak hobetzeko eta berriak garatzeko. Eta berritasunak oso garrantzitsuak dira. Bide horretan, planaren lehenbiziko bi urtetan, orain arte jorratzeke genituen bi alor zabaldu ditugu: kultura esparruko informazioarena eta estatistikarena Behatokiaren bitartez, eta erakundeen arteko koordinazioarena eta lankidetzarena, Jaurlaritzaren sailak, Foru Aldundiak, eta Udalak batzen dituen Erakundeen Arteko Batzordearen bitartez. Bestalde, politika kulturala demokratizazioan sakondu dugu, kulturgintzaren parte-hartzearekin nazioarteko atala ere zabalduko dugu legez sortzeko atarian den Etxepare Institutuaren bitartez. Bi urte hauetan, interpretazio auziak bideratu ditugu, esate baterako, te-lebistako diru sarreren %5arena. Eta garapen mugatua duten dantza edo teknologia berrien bideak sasiz garbitu ditugu. Azkenik, diru-laguntzatik haratago, finantzaketaren edo fiskalitatearen bidea ere urratu dugu. Aurrera begira ditugun eduki berriak agerikoak dira. Begien bistakoa da ez dutela zerikusirik identitatearen ustezko obsesioekin, ez baitugu halakorik, nahiz eta egia ere baden ez dugula nortasunik ez duen inor ezagutzen. Asko eta ongi egin da lan eta hala ere esku bete lan dugu zain: bide franko urratzeko eta esparru ugari jorratzeko, guztion laguntzarekin. -
|