Donostiako okupazioaren historia bildu dute
·Amaitu gabeko lana dela ohartarazi dute egileek, «informazio asko baitago jasotzeke»
Donostiako 28 urteotako okupazio mugimenduaren kronika plazaratu du gazte talde batek, baina amaitu gabe dagoela argi utzita, «zorionez, okupazioaren historia eta istorioak aberatsegiak direlako DVD batean eta liburu batean jasotzeko». Ekarpena egitera animatu dituzte herritarrak.
DONOSTIA
Letaman gaztetxean aurkeztu zituzten atzo “Donostin 28 urte okupatuz, 1977-2005” liburua eta “Donostin 2 urte okupatuz, 2004-2005” DVDa. Han ziren datuak bildu eta testuak idatzi dituen Markel Ormazabal eta bideoaren egile Arkaitz Artola, baita Intxaurrondoko eta Loiolako gaztetxeetako kideak, Ańorgako Gazte Lokalekoak eta kanporatu berri dituzten Ibaetako etxe okupatuetako lagunak ere, lanaren izaera kolektiboaren erakusgarri. «Ez gaude ados saldu nahi diguten Donostiaren ereduarekin hasi zen Markel Ormazabal. Postal hiri elitista dela esan ohi da, baina badira errealitate gehiago. Horietako bat aztertu dugu guk, okupazio mugimendua». Lana kaleratzeko bertze arrazoirik ere badute gazteek: «2004 eta 2005 urteetan oparoak izan ziren okupazioak Donostian, eta testuinguru hori aprobetxatuta hasi ginen gure aurreko belaunaldiek zer egin zuten arakatzen». Gaiari buruzko lan idatzirik ez zegoela jabetu ziren. Bada liburu bat okupazioaren aldeko asanbladak plazaratua, baina squat mugimendua du ardatz eta ez du bertzelako okupaziorik aipatzen. Donostiako okupazio mugimendu zabalari buruzko informazioa bildu eta zabaldu duten lehenengoak izan dira, beraz. Gazteria askotarikoa dela aldarrikatu zuen Ormazabalek, baita okupazioa ere. Ondorioz, mugimenduaren aurpegi ezberdinak bildu dituzte: gaztetxeak, okupazio sinbolikoak, squat mugimendua, zenbait ahalegin ezagun, bizitza duina izateko egindako okupazioak Ibaetakoa, adibidez eta bertzelako esperientziak. Datu interesgarri ugari ezagutarazten du lanak. Euskal Herrian gaztetxea izateko lehenengo ahalegina 1983ko udaberriko “La voz de Espańa”ren okupazioa izan zela azaltzen du, errate baterako. Gaztetxe euskaldun zaharrena Larrabetzuko Hori Bai dela erran ohi da, baina gazteen etxe izena eman zioten lehenengo eraikin okupatua Donostiako “La voz” izan zen. Orduan, oraindik ez zen sortua gaztetxe terminoa. Markel Ormazabalek gogora ekarri zuenez, Franco hil zenean hutsik gelditu ziren egunkari horren lokalak, eta gazteak sartu egin ziren. Oso laburra izan zen egonaldia, laster kanporatu baitzituzten gobernadore zibilaren aginduz. Metxa piztuta zegoen, ordea, eta hainbat ekintza izanen ziren ordutik aitzinera. Letaman da 38 urteotako Donostiako gaztetxerik zaharrena, hamar urte bete ditu. Hiriburuan gaztetxe gehien izan zen urtea, berriz, iazkoa izan zen, Intxaurrondokoaz eta Loiolakoaz gain Ametsenea ere zutik baitzegoen orduan. Azken datu bat ere jakinarazi zuen Ormazabalek: Odon Elortza da Donostian kanporaketa gehien egin dituen alkatea.
|