- Aizkora
Binakako Urrezko Aizkora sei bikoterekin abiatzeko prest dago
·Gaur hasiko da Lizarran, eta finala, berriz, Azpeitian izango da otsailaren amaiera aldera
DONOSTIA
Binakako Urrezko Aizkora gaur abiatuko da Lizarran, eta otsailaren erdialdera amaituko da, urtero moduan, Azpeitian. Aurten sei biko izango dira, eta hiruko bi multzotan banatuta arituko dira.Honako hauek dira bikoak: A multzoan, Arrospide-Mugertza I.a, Larretxea-Barberena eta Txapartegi-Etxebeste. B multzoan, berriz, Mindegia-Senosiain I.a, Nazabal-Lopez eta Olasagasti-Peñagarikano izango dira. Lehen fasean, multzo bakoitzean denek denen aurka jokatu beharko dute, eta bakoitzetik lehenengo biak sailkatuko dira finalerdietara. Finalerdietan, A multzoko lehen sailkatua B multzoko bigarrenaren aurka neurtuko da, eta B multzoko lehenengoa A multzoko bigarrenaren aurka. Neurketa bakoitzeko sei proba ezberdin egin beharko dituzte, eta amaieran, lan guztiak egiten denbora gutxien ematen duen bikoak irabaziko du garaipena. Lehen proban, 45 ontzakoa kolpeka moztu beharko dute. Bikote bakoitzeko aizkolari bakoitzak alde bana moztu beharko du. Bigarren lanean, erlojuaren kontra bi 45 ontzako moztu beharko dituzte, biko bakoitzeko bana. Hirugarrenean, zutik, bi metro inguru dituen enborra moztuko dute txanda librean. Laugarren lanerako oinbikoa izango dute itxaroten, eta txanda librean erdibituko dute. Bosgarrenean kana-erdiko bat zutik eta bestea etzanda izango dute, eta biko bakoitzetik aizkolari batek enbor bat moztuko du, eta besteak bigarrena. Azkenik, txanda librean lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko dituzte. Lan horiek, ordea, lehen fasean izango dira, finalerdietan, finalean aldaketa batzuk ere egongo baitira. Finalerdietan, lehenengo bost lanak berdinak izango dira, baina azkenekoan, biko bakoitzak, txanda librean, bi kana-erdiko eta lau 60 ontzako moztu beharko ditu. Finalean ere aldaketa izango dute. Lehenengo bost lanak lehen faseko berak izango dira, baina azkeneko lana aldatuko da. Hor, biko bakoitzak txanda librean bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu. Azkeneko saioa Azpeitian izango da, baina oraindik ez dago erabakita kiroldegian jokatuko den, edo Izarraitz pilotalekuan izango den. Antolakuntzak ahalik eta bikorik orekatuenak egiten saiatu dela esan zuen, eta kanpotik begiratuta, behintzat, horrela dirudi, nahiz eta gero guztia plazan baieztatu beharko den. Gazteak Gazteen edo 23 urtez azpikoen Binakako Txapelketa aurten ere jokatuko dute, baina oraindik ez daude zehaztuta biko guztiak, ez eta jokatuko diren datak eta lekuak ere. GARAk jakin duenaren arabera, oraingoz bost bikote segurtatuta daude, baina antolakuntzak, Egur Sportek, zazpi bat nahi omen ditu. Orain arte seguru daudenak honako hauek dira: Alkizalete-Gorriti IV.a, Erasun-Atutxa, Mugertza anaiak, Amillano-Kañamares III.a eta Larretxea lehengusuak. Txapelketa honetan seguru izango diren beste bi aizkolari Jon Rekondo eta Xabier Mindegia dira, baina ez dirudi biak batera izango direnik, bestela alde dezente izan baitaiteke batzuen eta besteen artean. Beraz, bi horiek beste aizkolari bana izango dute alboan, baina oraindik ez dago erabakita.
Barberena-Larretxea bikotea, faboritoa
J.L. DONOSTIA Binakako Urrezko Aizkora gaur eguerdian abiatuko da. Lizarran, Remontibal pilotalekuan izango da eguraldi txarra baldin bada, eta ona bada, berriz, kiroldegiko atarian. Lehen saio honetan, Larretxea eta Barberena Txapartegi- Etxebeste bikotearen aurka neurtuko dira. Adituen ustez, bikote nafarra da irabazteko faboritoa. Larretxea da denetan onena, eta berak markatu behar ditu aldeak. Joxejuan Barberena ere ez da gaizki moldatzen lan hauetan, eta Donatoren babesean lan bikaina egin dezake. Gipuzkoarrak, berriz, ezustea ematera joango dira Lizarrara. Neurketa zaila izango dute, baina gainerako saioak ere horrela izango dituzte, multzoko beste bikoa Arrospidek eta Mugertzak osatutakoa baita, eta horiek ere finalerdietan sartzeko aukera asko dituzte zaleen ustez. Gaurko saioa irabazten duenak finalerdietan izateko urrats handia egingo du, nahiz eta oraindik beste saio bat geratuko zaion. Galtzen duenari, berriz, aukera bakarra geratuko zaio. Sei proba ezberdin dituzte, eta amaieran denborarik gutxiena ematen duenak irabaziko du.
|