Inprimategietako makinek kea dariela eman dute hilabetea
Pello Unzurrunzagak begi-zuloak ditu. «Ezin diogu inori ezetzik eman, hori luxu bat da, are gutxiago gure bezero gehienak lagunak direnean. Kanporako ere egiten dugu lan, Frantziarako gehienbat, eta urruneko bezero horiek dira eromen honen ondorioak jasaten dituztenak», esan du. Zarauzko Itxaropena inprimategiko gerentea da. Makinei atsedenik eman gabe aritu dira lanean azken hilabete honetan.
Ińigo Illarramendik ere, Andoaingo Martin Ugalde parkean dagoen Leizaran inprimategiko gerenteak, nekea du begiradan, baina okerrena pasatu dela esan zuen atzo arratsaldean. «Eromena orain hilabete hasi zen. Joan den asteburuan, esaterako, lan egin genuen. Normalean inprimatzeko makinetan hiru txandarekin egiten dugu lan eta bolada honetan lautara pasatu gara. Makinei atsedenik eman gabe aritu gara, beraz. Asteburuan, ostiral gauean hamarretatik seietara egin genuen lan. Larunbat goizean seietatik ordu bietara, larunbat arratsaldean ordu bietatik hamarretara eta igandean hamarretan sartu ziren berriro. Gure arazoa zera da, kate luze baten azken kate-begia garela. Askok bi egun beranduago ematen dizkigute beren lanak eta esandako egune- rako atera nahi izaten dute. Horregatik sortzen dira estuasunak», esan du inprimategiko barruko makinak erakusten dizkigun bitartean. «Inprimagailu honek 12.000 orri imprimatzen ditu orduko. Heildelberg bat da. Demagun Mercedes bat bezala dela. Iraupen luzeko makinak dira. Orain japoniarrak hasi dira merkeagoak fabrikatzen, baina oraingoz hauekin gehiago fidatzen gara. Makina hauek amortizatu ahal izateko, ordea, hiru txandatan hasi gara lanean eta urtarrilean ere jarraitzeko asmoa dugu, ez dago beste erremediorik», esan zuen.Azkenaldi honetan 24 orduz dituzte martxan inprimagailuak eta bi txandatan ari dira lanean beste ataletan. Lizaranen 32 langile dira. «Askotan, liburua manipulatu behar denean, aldizkari batean tartekoak egin edo bigarren edizio bati xingola bat jarri behar zaionean, kanpokotik hartzen ditugu laguntzaileak», esan zuen. Atzo goizean eraman zituzten Durangora eraman beharreko liburu gehienak trailer batean eta arratsaldean nahikoa lasai ari ziren lanean.
Azken orduko presak
Itxaropena inprimategian ez zen giro herenegun. Atzo goizean kamioia kargatzeko palierrak prestatzen ari ziren. «Aurkezpenetarako iritsi ezinik hasten gara azaroaren erditik aurrera. Andolin Eguzkitzari buruzko liburu bat aurkeztuko dute bihar hamarretan eta hamarretan puntuan iritsiko dira. Gaur, esaterako, Andu Lertxundi bera etorri da hona ale baten bila eta ondoren eraman ditugu kazetarientzako direnak. Aurkezpena baino ordu erdi lehenago bukatzen dira liburu asko. Ordulariaren kontra egiten dugu lan», esan zuen Pello Unzurrunzagak. Azaroko larunbat guztietan egiten dute lan Itxaropenan. Hogei bat langile ari dira. Inprimatzeko makinetan bi txanda egitera iritsi dira, koadernaketan eta beste zenbait ataletan txanda bat dute, baina horiek hamar ordu egiten ibili dira azken hilabete honetan. Inpresio digitalean egiten dituzte 500 aletik beherako tirada laburrak eta off set-ean tirada arruntak. Bi lan mota egin ditzakete, beraz, aldi berean. Durangoko Azoka pasatzeak ez du esan nahi lasaitasuna datorrenik, Eguberritako hitzordua ere oso garrantzizkoa baita liburuarentzat. «Durangora eraman diren liburu multzoak mugatuak izaten dira. Ehun ale edo 150 alerekin konpontzen dira askotan eta horien tiradak bukatu behar izaten dira eta, gainera, urte bukaerako beste hainbat enkargu izaten dugu. Azkenik, badaude lan batzuk Durangoko Azokaren erruz atzeratuta geratu direnak ere. Frantziarako lan dezente egiten dugu eta haiek ez dakite azoka zer den. Azaroa gau eta egun lan egiteko garaia da. Badakigu zer datorren. Gau eta egun esaten dudanean, gauez ere askotan ohean buruari bueltak ematen jarraitzen dudala esan nahi dut. Baina urte bukaera ere gogorra izaten da», jarraitu zuen Pellok. Andolinen liburua prestatu zuten atzoko aurkezpenerako. Azokara bertara beste bi itzulpen eramango dituzte, “Giza gorputza” eta “Zenbakirik gabe bizi”, eta EHUren edizio kritiko bat ere esku artean zerabilten herenegun Itxaropenan, Durangora iritsi asmotan. Kea dariela eduki dituzte makinak lanean eta horrelako egoeretan askotan gertatu ohi denez, gillotina bat hondatu zitzaien. «Eskerrak beste inprimategi batean bazter batean utzitako gillotina baten berri banuela. Horri esker konpondu genuen arazoa. Zortea izan genuen neurri batean behintzat», jarraitu zuen Pellok. Euskal Herriko zenbat inprimategiri eragiten dio Durangoko uholde honek? «Liburugintzan lan egiten dugun inprimategiak oso gutxi gara. Leizaran, gu eta txiki batzuk. Baina inprimategi txiki batek ez du presaka lan egiteko aukerarik. Guk produktua hasieratik bukaera arte egiten dugu. Ez dugu inolako morrontzarik eta txikiek ezin dute hori egin», adierazi zuen. Liburua diskete batean doa inprimategira. Makinak proba bat bota eta hura ematen diote egileari edo editoreari, azken begirada bat eman diezaion. Onespen hori lortzen dutenean egiten dituzte plantxak eta hasten dira inprimatzen. Gero tolestu, josi eta koadernatu egiten dituzte. «Aurreinprima- ketatik liburua bukatzera bederatzi prozesu daude. Inprimaketa digitalaren kasuan, berriz, hiru prozesu bakarrik dira eta horrek asko errazten du, egun berean liburu bat ateratzea posible egiten baitu. ‘Off set’ean prozesua konplexuagoa da», esan zuen Unzurrunzagak. Durangoko Azokaren aurrean Pello Unzurrunzagak duen arazo nagusia zera da:inori ezin diola ezetzik esan. «Egin behar da eta egiten da. Ezin zaio ezetzik esan inori eta gutxiago gure bezero gehienak lagunak direnean», esan zuen Unzurrunzagak.
Tiradak osatzen
Itxaropenak EHU, Igela, Alberdania eta Ereinentzat egiten du lan gehienbat. «Gehienentzat Durangoko Azoka oso beharrezkoa da, ale batzuk beti saltzen direlako. Horregatik saiatzen gara denekin ondo geratzen», esan zuen Unzurrunzagak. Ińigo Illarramendirentzat atzo lasaitu zen pixka bat martxa, baina lanean jarraituko du astean zehar. «‘Apaizac obeto’ liburua eta sukaldaritzari buruzko liburu bat izan dira azken bota ditugunak, baina inprimatu ditugun liburu askorekin tirada mugatuak egin ditugu eta horiek osatzen jarraitu behar dugu eta, gainera, garraioa dago. Egunotan garraioak sekulako buruhausteak ematen ditu. Egia da gaur goizean zamarik handiena eraman dugula, bestela seinale txarra izango zen, baina bihar ere langileek lan egingo dute eta beste batzuek azokara itzuliak egiten jarraituko dugu. Ostegunean langileek jai hartuko dute, baina nik telefonoarekin jarraituko dut, ezer behar bada eramateko. Azoka zabalik dagoen bitartean beti izango dut egitekoren bat», esan zuen Ińigo Illarramendik. Graficas Lizarra Errusiarako bibliak inprimatzera iritsi zen. Ea azken bolada honetan gauza bitxirik inprimatu duten galdetu genion Illarramendiri. «Graficas Lizarran Iruńeko argitaletxe erlijioso garrantzitsu batentzat lan egiten dute, Verbo Divinorentzat, baina guri oraingoz komenturen baterako lanak bakarrik etorri zaizkigu», esan zuen. Lizarango lantegietan atzo ez zuten makinetan Durangorako libururik. Kataluniako argitaletxe batentzako Islandiari buruzko gida turistiko bat botatzen ari ziren. Ikastolen Elkartearentzat Gizarte arloa ingelesez emateko testu-liburua, “Recetario de hierbas medicinales”, Compańía de Maríarentzako aldizkari erlijioso bat, arteari buruzko formatu handiko aldizkari dotore bat frantsesez, eta beste zenbait gisa horretako lan. «Aldizkari asko ari gara ateratzen aspaldian. Tirada labaurrekoak dira asko eta makinan plantxak aldatzen joaten zaigu denbora asko», esan zuen Illarramendik. -
ZARAUTZ-ANDOAIN
Frantses merkatua, garrantzizkoa
Estatu frantsesa merkatu ona da Euskal Herriko inprimategientzat. «Madrileraino iristen dira Frantziako enkarguak. Bertan baino %25 merkeago lan egiten dugu hemen eta gero, mugatik hurbil egoteak ere denbora eta garraio aldetik bere abantailak baditu. Guk lan asko egiten dugu Frantziarako. Agenteen bitartez etortzen zaizkigu lanak» , esan zuen Ińigo Illarramendik.Hori bai, azaroa iristen denean ezin dutela lanik hartu esan behar izaten zaie. «Eskertu egiten dute, gainera. Okerrago izaten da baietz esan eta gero hitza ez betetzea. Epe honetan ezin dugula erantzun eta batzuetan epea luzatu egiten digute, baina beti ere egiarekin jokatu behar da. Bestalde, bitartekariek badakite Durangoko Azokaren inguruan nola ibiltzen garen eta horrekin jokatzen dute. Gure kasuan, hileroko argitalpen dezente botatzen ditugu eta horiek abenduan ere bota egin behar izaten ditugu. Hilabete batean ez diegula botako esanez gero, utzi egingo lukete. Pariserako, Bretainiarako eta, noski, Iparralderako egiten dugu lan asko», jarraitu zuen Leizarango gerenteak. Krisiaren zantzuak sektorean
Lanez gainezka ibili dira, baina Pello Unzurrunzagaren ustez, beste urteetan baino lan gutxiago izan dute. Durangoko katalogoak ere iaz baino 100 izenburu gutxiago zerrendatu ditu. «Orokorrean aurreko urteetan baino liburu gutxiago atera dira. Aurreko urteetan lan gehiago izan dugu. Eta hori kezkatzekoa da. Fakturazioan nabaritzen dugu hori. Kultura kontsumoko ohiturak aldatu dira. Horri hezkuntzako liburuen auzia gehitzen badiogu, kezkatzeko moduko egoera batean gaude», esan zuen Pello Unzurrunzagak. Hezkuntzako liburuen auzi hori Estatu frantsesean bizi izan omen zuten gurean baino lehenago eta argitaletxe txikien desagerpena ekarri omen zuen. «Hachette argitaletxea salbatu da, berak kontrolatuko du ikasmaterialen sektorea Frantzian eta beste argitaletxe asko desagertu egin dira. Pentsa zer gerta daitekeen Euskal Herria bezalako merkatu txiki batean. Legearen aurretik 30 bat argitaletxe zeuden Frantzian eta bi urteren buruan desagertu egin dira. Han desagertu badira, hemen ere antzeko zerbait gerta daiteke eta kanpokoak salbatu. Gainera, kontuan izan behar da bertako testugintzari esker bertako literatura ere suspertu egiten dela. Kanpokoak nagusitzen badira, akabo!», esan zuen Unzurrunzagak. Leizaran inprimategian ez dute aurtengo azokako berritasun kopuruan izan duten beherakada nabaritu, enpresa berria da, bezeroak gehitzen ari dira eta aurten iaz baino lan gehiago izan dute. Baina prezioak dauden bezala, asko produzitu beharrean aurkitzen dira makinak amortizatu ahal izateko. «Hogeita lau orduz makinak martxan edukitzea beste biderik ez dugu egindako inbertsioak amortizatzeko. Horretan hasiko gara urtarrilean», esan zuen Illarramendik.
|