Euskarak bizirik irauteko ekimen liburua idatzi du Galo Martinezek
GASTEIZ
«Herri guztiak jai baten inguruan garatu dira, eta jai horren bidez bizirik irauteko ahalmena dute. Nondik datorkigu euskaldunoi bizirik irauteko ahalmena? Euskaratik». Galo Martinez Urtaranek egiten duen hausnarketa da hau, baita hain justu, “Txalapartaren oihartzuna” bere liburuaren abiapuntua ere. Ekintza liburua da arabarrak kaleratu duen lehendabiziko argitalpen hau. «Liburua bera baino garrantzitsuagoa da ideia bera», aitortu du. Ezkor azaltzen da Galo Martinez euskararen etorkizunaren inguruan mintzatzean. «Globalizazioaren ondorioz gure lurralde propioan erbesteratuta gaude euskaldunok», nabarmendu du. Euskarak iraun dezan euskal komunitatea biziberritzea proposatzen du. Ez, ordea, eztabaida teorikoaren bitartez, sakabanatuta eta ordezkatuta ikusten duen euskaldunon komunitatea bildu eta suspertzea nahi baitu egileak. Jaia da, Galo Martinez Urtaranen ustez, ezinbesteko erreminta. «Eta nolabait jai horren apaizak, bertsolariak, pailazoak eta txalapartariak izango lirateke deskribatu du, batez ere pailazoak. Izan ere, oso garrantzitsuak dira umeen inguruan agertzen direlako eta ideologia zabal dezaketelako». “Txalapartaren oihartzuna” Gorbeia taldean
autoekoitzitako argitalpena da. «Hauxe da argitaratzen dudan lehen liburua,
baina gauza asko idatzik ditut orain arte», onartu du idazle arabarrak.
Oraingoan, ordea, euskararen hilzoriaren profeziari aurre egin nahian egin du
apustua. Liburu sakona izan arren, irakurtzeko erraza da eta filosofia irakaslea
den idazleak adierazi duenez, euskararen mesedetan «jaia aurrera eramatea»
gustatuko litzaioke. Hortaz, abiapuntuko ideiari helduz euskara biziberritzeko
egitasmoan parte hartu nahiko lukeenak berarekin harremanetan jar dadin eskatu
du: gorbeiatx@hotmail.com .
|