Prud’Hommes-ek bidegabetzat jo du bi langile kaleratzea
CNE kontratu mota zuten bi langile kaleratzea «bidegabea» izan dela adierazi du, lehen aldiz, Baionako Prud’Hommes Kontseiluak. Erabakiaren ondorioz, Baionako mandatu-enpresa bat eta Biarrizko jatetxe bat «gehiegizko kaleratzeagatik» zigortu ditu, eta kalte-ordainak pagatu behako dituzte.
BAIONA
Lan arazoez arduratzen den Prud’Hommes Kontseiluak bi langileren kaleratzeak «bidegabetzat» jo ditu. Bi langileok lanaldi berriko kontratua (CNE) zuten eta, lehendabiziko bi urteetan kontratu mota horrek ahalbidetzen duen moduan, inolako arrazoirik gabe eta gutun bakar baten bidez kaleratu zituzten. Bat Baionako mandatu-enpresa batean gidari lanetan ari zen, eta istripu baten ondorioz gaixorik zegoen bitartean, kontratua eten zioten. Bestea, berriz, Biarrizko jatetxe bateko sukaldari zen eta, eri zegoelarik, kontratua CNE motakoa egin zioten, eta hura ere kaleratu zuten. Langileek Baionako Prud’Hommes-era jo zuten, eta hark joan den uztailean aztertu zituen bi langileen salaketak. Orain, kaleratzeak baliogabetu ditu Kontseiluak, bi ugazabek lan-kontratuak eteteko arauak ez zituztela errespetatu erabaki baitu. Izan ere, bi langileok hutsegiteren bat egin bazuten, enpresariek diziplinako prozedura bat abiatu behar zutela esan du Kontseiluak, eta argi utzi du gutun zertifikatu bat ez dela nahikoa kaleratzeko. Alde horretatik, gidariari 5.000 euroko kalte-ordaina eta sukaldariari 10.900 eurokoa ordaintzera zigortu ditu bi enpresariak.
Lehen aldia Baionan
Baionako Prud’Hommes-ek horrenbeste hauts harrotu duen mota horretako lan-kontratuaren inguruan erabakia hartzen duen lehen aldia da.Sindikatuak, bereziki CGT, pozik agertu dira ebazpenarekin. Hala, Alain Duzert Baionako CGTko koordinatzaileak adierazi du «ugazaben kaleratzeko eskubide sakratuari galga» jarri zaiola nolabait. Hain zuzen ere, langileen sindikatuek epaitegietako bidea jorratzeko deia egina dute lan-kontratu mota hori betikoz deusezta dezaten. Joan den martxoan, Longjumeauko Prud’Hommes Kontseilua lehena izan zen CNE kontratua zuen pertsona baten kaleratzea baliogabetzen. Gainera, ur handiagotan sartuta, CNEk Nazioarteko Lan Erakundearen (OIT) Hitzarmeneko 158. artikulua urratzen duela adierazi zuen. Epaitegiek adierazi beharko dute horrela den edo ez, baina hark esandakoa babestuko balute, Gobernuak CNE baliogabetu beharko luke, Estatu frantsesak hitzarmen hori sinatua duelako eta, nazioarteko arautegia bertakoaren gainetik izanik, hura errespetatzeko betebeharra daukalako.
|