GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Mundua 2006-12-07
Israelgo palestinarrek euren kultura garatzeko autonomia eskatu dute
Israelgo herritartasuna duten palestinarrek Israelen barruan euren kultura, erlijioa eta hezkuntza eredua garatu nahi dute. Halaber, Israelgo Gobernuak gutxiengo horri eragiten dizkioten erabakiak hartzen dituenean ahotsa izateko eskubidea eskatu dute. Israelgo Gobernuak, baina, juduen gorentasuna bermatzeko politikari eusten dio, eta beduinoen etxeak eraitsi edo Siriako Golango gainetan kolonizazioa indartzeko aginduak eman berri ditu.

JERUSALEM

Israelgo herritartasuna duten palestinarrek euren kultura, erlijioa eta hezkuntza Israelen barruan garatzeko autonomia eskatu dute. «Gure helburua arabiar-israeldarron etorkizunari buruzko eztabaida piztea da», dio Arabiarren Gainbegiratze Batzordeak plazaratu duen txostenak.

Idatziak Israelgo Estatuan bizi diren arabiarren aldarrikapenak biltzen ditu. Autonomiaz gain, Israelgo Gobernuak komunitate arabiarrari buruzko erabakiak hartzen dituenean horietan ahotsa izatea ere eskatu dute. Haien asmoa da Israelek nazio bi dituela onar dezala: gehiengo judua eta gutxiengo arabiarra, eta bien eskubideak errespetatzea. Komunitate arabiarrak nazioarteko foroetan parte hartzeko aukera ere eskatu du.

Batzordearen txostenak, bestalde, Israelgo arabiarrek bertako sistemari buruz duten ikuspegia islatzen du. Haien iritziz, Israelgo sistema ez da demokrazia bat, etnokrazia bat baizik, estatuaren oinarria gizakiengan izan beharrean juduengan duelako. Beste komunitate guztiak, ostera, gutxiesten ditu.

Horren isla garbiak dira Israelgo Gobernuak hartzen dituen erabakiak. Neguev basamortuan beduinoen (arabiarrak) herrixka bat eraitsi zuten atzo Israelgo Barne Ministerioaren aginduz. Al Tuayil herrian 50 bat familia bizi ziren. Ministerioaren arabera, baimen barik eraiki zituzten etxebizitzak, eta horregatik eraitsi dituzte. Talab al Sana arabiar-israeldar diputatuak salatu zuenez, beduinoen etxeak suntsitzen ari diren bitartean, juduentzako baserriak eta etxebizitzak eraikitzeko baimenak ematen ari dira lur horretan bertan.

Juduen gorentasuna Golanen ere bermatu nahian, Israelgo Barne ministro Roni Bar-Onek juduei deitu die lurralde horretara bizitzera joan daitezen. Siriako gain estrategiko horiek indarrez okupatu zituen Israelek 1967an, Zisjordaniarekin, Gazarekin, Jerusalemgo ekialdearekin eta Egiptoko Sinaiko penintsularekin batera.

Nazioarteko akordioen arabera, Israelek Siriari itzuli beharko lizkioke gainak, baina egungo Gobernua ez dago horretarako prest. Egun 17.000 judu eta 18.000 druso bizi dira gainetan, azkenok Siriaren aldekoak. Israelgo Gobernuak juduen presentzia indartu nahi du lurralde okupatu horretan.

Bi gizonezko zaurituta

Bestalde, palestinarren kontrako errepresioaren beste atal bat jazo zen atzo. Israelgo soldaduak gizonezko palestinar biren kontra tiroka hasi ziren Gazako mugatik gertu, eta zauriak eragin zizkieten hanketan. Armadak argudiatu zuenez, palestinarrak susmagarriak zirela uste zuten.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Un acto reclamará la amnistía el 6 de enero en Donostia
Jendartea
Gure Irratiak laguntza eskatu du
Kultura
Arte, diseño y, sobre todo, imaginación para ambientar la feria
Euskal Herria
Euskal Herria se reivindicó como nación
Ekonomia
Osakidetza intentó ocultar la demanda de más euskera
Euskal Herria
Zapatero asegura que mantiene sus expectativas sobre el proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss