GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-12-07
Abiadura handiari buruzko eztabaida Euskal Herrian
Suitzar adituek RFFren datuak baliogabetu dituzte
CADE ekologisten kolektiboak, Hautetsien Kontseiluak eta Akitaniako Kontseiluak eskaturik, AHT linea berriari buruzko azterketa gehigarriak aurkeztu zituzten Akizen iragandako bilkura publiko berezian. Bertan, Suitzako kabineteetako adituek RFFk emandako datuak zalantzan jarri zituzten.

AKIZE

RFF (Frantziako Burdinbide Sarea) AHT linea berriaren bultzatzailearen txostenean oinarrituta, bi azterketa egin dituzte Suitzako SMA-Progtrans kabineteek: 2020 urteari begirako salgaien trenen garraioaren bilakaera eta egungo tren linearen gaitasuna.

RFFk Atlantikoko korridorea deituriko Europarako proiektua finkatzeko, Pirinioak zeharkatzeko hiru tren linea proposatu zituzten joan den uztailean: beste linea bat eraiki, egungo linea berritu edo linea berria eta dagoena konbinatu.

Proiektu hori behar dela nabarmentzeko, RFFk Estatu espainolaren eta frantsesaren arteko trukaketa ekonomikoaren bilakaera aipatu zuen. Egitura horrek azaldutako datuetan oinarrituz, Suitzako kabineteak RFFren erranak hein batean zalantzan jarri zituen.

Salgaien garraioa haztearekin ados azaldu ziren suitzarrak, baina trenbideak hartuko lukeen kopuruarekin «zuhurtzia» handiarekin jokatu behar dela jakinarazi zuen. 1999an trenetan garraiatu zen salgaien kopurua 2,1 tonakoa izan zen; 2020an, berriz, 18,3 tonara emendatuko dela jakinarazi zuen RFFk. SMA-Progtrans kabineteen arabera, hipotesi horiek ez dira oso «errealistak». «Tren bidezko garraioa areagotuko dela argudiatzeko, RFFk bide arruntean bidesariak jarriko dituztela esaten du. Alemanian izandako antzeko esperientziek argi azaltzen dute bidesariek ez duela tren bidezko garraioa handitzen», adierazi zuten suitzarrek.

Gainera, egungo RN10 bide arrunta hobetzea eta A63 autobidea zabaltzea aipatu zituen kabineteak, eta egun abiatzekotan diren egitasmo horiek kamioi zirkulazioa areagotu baizik ez dutela eginen jakinarazi zuen.

Horretaz gain, RFFk urtero bide garraioa %3 haziko dela esaten du, eta hipotesi hori «gertatzen ahal den baino beheragoa» dela erran zuten suitzarrek. Azkenik, RFFk aipatzen du salgaietan Tours-Gasteizen eta Lilles-Gasteizen arteko «trenbide autobideak» 9 milioi tona hartuko dituela, eta «proiektu hori zilegia den» jarri zuen zalantzan Suitzako kabineteak.

Egungo linearen gaitasuna

«Horrelako proiektu bat ekonomiaren aldetik bideragarria den frogatu gabe dago, gaur egun ez baita Europan beste horrelako esperientziarik izan», erran zuen, eta bultzatu dituzten horrelako egitasmo guztiek diru laguntza eskasagatik porrot egin dutela gaineratu zuen. Gaur egungo linearen gaitasuna aztertu zuten, eta suitzarrek adierazi zuten egungo lineak 2020ra begira aurrez ikusten den garraioaren bilakaera bere gain har dezakeela. Izan ere, RFFk bidaiarien eta salgaien garraioa areagotuko dela pentsatzen baitu, eta horregatik linea berria eraiki beharra dagoela nabarmentzen du.Suitzarren arabera, «hipotesi hoberenak kontuan harturik ere», egungo lineak RFFk ematen duen tren kopurua hartzeko gaitasuna du. Horretarako, 1945. urteaz geroztik berritu gabe dagoen linea behar bezala jartzeko obrak egin behar direla nabarmendu zuten adituek.



«Bataila bat irabazi dugu»

AKIZE

Victor Pachon CADE ekologisten kolektiboko ordezkariak aipatu zuen suitzarrek emandako datuek AHT linea eraikitzeko eman diren argudio guztiak baztertzen dituztela. «Azterketa horiek gure erranekin bat egiten dute, eta, beraz, sinesgarritasuna ematen digute». Horiek hala, datu horiekin bataila bat irabazi dutela esaten ahal dela adierazi zuen. «Borroka ez da bukatu, proiektua aurrera eramaten saiatuko baitira. Egitasmoa erokeria handia da eta ez da haiek dioten bezala guztion onurarako bultzatu duten egitasmoa», nabarmendu zuen Victor Pachonek.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Un acto reclamará la amnistía el 6 de enero en Donostia
Jendartea
Gure Irratiak laguntza eskatu du
Kultura
Arte, diseño y, sobre todo, imaginación para ambientar la feria
Euskal Herria
Euskal Herria se reivindicó como nación
Ekonomia
Osakidetza intentó ocultar la demanda de más euskera
Euskal Herria
Zapatero asegura que mantiene sus expectativas sobre el proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss