Hitzaldi bete poesia eman zuen Kirmen Uribek inaugurazio ekitaldian
«Inauguratzen dut Durangoko 41. Euskal Liburu eta Disko Azoka». Hitz horien bidez ireki zuen ofizialki atzo eguerdi-partean Nerea Mujika Gerediagako lehendakariak aurtengo azoka. Landakoko Elkartegian izandako ekitaldian, Bizkaiko ahaldun nagusiak, Durangoko alkateak eta Lakuako Kultur Sustapen zuzendariak ere hartu zuten parte, baina protagonista nagusiak, ezbairik gabe, Kirmen Uriberen hitzak izan ziren, poesiaz eta gogoetarako iradokizunez beteak.
DURANGO
Bidaiak dira aurtengo azokaren leitmotiv-a eta, hain justu, joan zen udaberrian Estoniara egin zuen bidaian «ikasitakoa»ren berri eman zuen atzo Kirmen Uribek, ohi duen xarmarekin. «Hantxe, Käsmun izeneko herri batean, entzun nuen azkenengo aldiz kukua», hasi zen idazle ondarroarra. Eta bukatu ere antzetsu bukatu zuen: «Estoniako basoetan entzun nuen azken aldiz kukua. Nik orduan ez nuen txanponik patrikan, baina galtzak poemaz beterik ekarri nituen». Horren lekuko da, ezbairik gabe, atzoko hitzaldia, gogoeta poetikoz beterikoa. Hitzaldi horren aurrerapena herenegun argitaratu zuen GARAk, azokari eskainitako gehigarrian. Oso-osorik, berriz, “Käsmuko hilarriak-Poesia garai globalean” izenburupean, www.durangokoazoka.com webgunean irakur daiteke.Arestian esan bezala, Uribe ez zen inaugurazio ekitaldian hitz egin zuen bakarra izan. Nerea Mujika Gerediagako lehendakariak «aurtengoa inoiz baino gehiago Euskal Herriko azoka» dela nabarmendu nahi izan zuen. Horrela izan dadin, aurkezpenak Gasteizen, Donostian eta Baionan egin dituztela eta telebista iragarkien bitartez etxeetara ere «baimenik gabe» sartu direla gogorazi zuen. Elkartasunari ere tarte egin zion Mujikak bere hitzaldian. Izan ere, Gure Irratia erre dela-eta, azokan Gerediagak Iparraldeko irratia laguntzeko diru bilketa sustatuko duela iragarri zuen.
Durango, «kulturaren uria» Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, berriz, Durangoko Azoka euskal kulturaren neurgailu bat dela esan zuen. Eta, arrakasta ikusita, euskal kultura «benetan osasuntsu» dagoela ondorioztatu zuen.
Juan Jose Ziarrusta alkatea pozik agertu zen, egunotan Durango «kulturaren uria» delako. Azken urteotan Landakoko eraikinak aurrerapausoak ematen lagundu duela eta datorren urtean Gerediaga elkarteak egoitza berria izango duela ere aipatu zuen.Iñaki Gomez Lakuako Kultur Sustapen zuzendariak, azkenik, azoka bezalako ekimenen beharra nabarmendu zuen. Inaugurazio ekitaldia zela-eta, bete egin zen Landakoko Elkartegia. Kultura eta politikako pertsona ezagun dezente bertaratu ziren, esaterako, Jose Luis Lizundia, Josune Ariztondo edota Aintzane Ezenarro.
|