Editoreek ez dute eskola-liburuen auzia ahaztu
·EEEk, urtero bezala, Azokaren lehen eguna aprobetxatu zuen batzarra egiteko
Euskal Editoreen Elkarteak aurten ere Azokako lehen eguna aprobetxatu zuen urteko batzarra egiteko. Iaz bezala, Lakuako Hezkuntza Sailak eskola-liburuei buruz hartu zuen erabakia izan zen jorratutako gai garrantzitsuenetako bat. Beste bat, berriz, finantzabide bila sektorea Kultura Sailarekin egiten ari den negoziazioa. EEEko junta ere zaharberritu zuten; gutxi, baina. Izan ere, Jorge Gimenezek jarraituko du lehendakaria izaten eta Miren Agur Meabe da kide berri bakarra.
DURANGO
Jorge Gimenez EEEko lehendakariak GARAri adierazi zionez, atzoko batzarrean bi izan ziren jorratutako gai nagusiak: Lakuako Hezkuntza Sailak eskola-liburuak mailegu bidez ematen hasteko hartu duen erabakia, batetik, eta, bestetik, finantzabide berrien bila sektorea Kultura Sailarekin egiten ari den negoziazioa.Lehenengoari dagokionez, elkartekideak «nahiko etsita» daudela aitortu zuen Gimenezek. «Egia esan adierazi zuen, sektoreak egindako ahaleginaren ondoren, Hezkuntza Sailak guk eskatutako jarraipen batzordea, behintzat, martxan jarriko zuela espero genuen. Ez da horrela izan, ordea. Ekainean egin genuen eskaera, eta erantzun ere ez dute egin, edo isiltasuna izan da erantzuna. Bietako bat: edo ez dute gure eskaerari kasu egiteko astirik aurkitu edo, besterik gabe, ez dute jarraipen batzordea martxan jarri nahi». Bigarren gaiari dagokionez, berriz, editoreek nahiko positibotzat jo zuten negoziazioa. «Kultura Sailarekin batean aztertzen ari gara liburugintza finantzabide berezi batzuen bidez laguntzeko aukera, ikus-entzunezkoen sekto- rean aspaldi jotzen ari den bide beretik. Gure irizpideak jakinarazi genituen, horren inguruan Kultura Sailekoekin bilera batzuk izan ditugu eta, oraindik erantzunaren zain bagaude ere, gauzak bide onetik doazela baloratu dugu», esan zuen Gimenezek.
Etorkizunari begira
Atzoko batzarrean edizioaren ohiko kontzeptzioaren aldaketaz ere hitz egin zuten. «Gai garrantzitsua da nabarmendu zuen EEEko lehendakariak. Orain arte elkartean liburugintzaz jardun dugu, baina hemendik aurrera euskarri digitaletan-eta egiten den argitalgintzaz ere jardun beharko dugu. Momentuz, datorren udaberriari begira, euskarri desberdinen arteko bizikidetzari buruzko mintegi moduko bat antolatu nahi dugu. Azken batean, liburuaren definizioa bera aldatu baldin bada, gure egiturak ere definizio berriaren arabera egokitzen hasi beharko dira».EEEko zuzendaritza taldea ere eraberritu zuten atzo; gutxi, baina. Junta honela geratu da: Jorge Gimenez (Alberdania), lehendakaria; Olatz Osa (Elkar), lehendakariordea; Itziar Osa (Ibaizbal), Idoia Gonzalez (Erein) eta Miren Agur Meabe (Giltza-Edebe), bokalak.
|