DURANGO
Urtero legez, Durangoko Sapuetxe gaztetxeak beste ikuspuntu bat emango dio Disko eta Liburu Azokari.
«Kulturaren merkantilizazioa» salatzeko asmoz eta «negozio kulturalari alternatiba» eskaintzeko xedez, «komertzioaren aurkako» kolektibo eta banatzaileei beren materialak eta produktuak aurkeztu eta saltzeko toki bat eskaini nahi diete.
Era berean, pertsonen arteko harremanei dagokienez, «azoka komertziala» bezalakoa izango ez den eremu bat sortu nahi dute, «azoka komertzialeko harremanean eta erosketa kontsumoan oinarritzen» direla salatzen baitute.
Sapuetxeko azoka alternatiboan material komertzialek eta gehiegizko prezioak dituzten produktuek ez dute lekurik izango. Egun badira material propioak eskuratzeko aukerak eta dirua irabaztea helburu ez duten argitaletxe eta diskoetxeak. Hartara, materialen prezioak eskuragarria izan behar du, «herri kulturaren zabalpenari mugarik ezarri gabe». Beraz, «banaketa bide komertziala duten materialek nahiz etekin ekonomikoak lortzea helburu dutenek ez dute lekurik izango» gaztetxeko azoka alternatiboan.
Sapuetxekoek esandakoaren arabera, ideia horiek guztiak prozesu luze baten barruan garatuz joan dira: «Urte guztietan azokaren prestaketan sortutako eztabaiden eta praktikaren emaitza izan dira», esan dute. Nolanahi ere, oraindik egiteko asko dagoela ziurtatu dute kideek.
Azokak irauten duen bitartean, gaztetxeko kolektiboez gain, beste batzuek ere hartzen dute parte euren egitasmoak finantzatzeko asmoz. Azokan, gaztetxeko tabernak sortzen dituen irabaziak egitasmo horietara bideratuko dituzte, baita gaztetxeko autogestiora ere.
Gaur, Mantala No, Lengua de Trapo eta Los Klabeles taldeen kontzertuak izango dira iluntzeko bederatzietatik aurrera. Bihar, hitzaldiak eta kontzertuak egongo dira, eta larunbatean Musikherria Gaba egingo dute. Halaber, bazkaria emango diete gaztetxera bertaratzen direnei.