- Aizkora
Larretxea-Barberena nagusi izan dira
LIZARRA
Donato Larretxeak eta Joxejuan Barberenak irabazi zuten atzo Binakako Urrezko Aizkorako lehenengo jardunaldia. Finalerdietan izateko, gainera, lehen urratsa egin zuten Txapartegi eta Etxebeste mendean hartuta.
45 ontzakoa kolpeka moztuz abiatu ziren. Aizkolari bakoitzak enborraren alde bana moztu behar zuen. Irabazleek 38 kolpetan erdibitu zuten enborra, eta galtzaileek, lau gehiagotan. Bigarren lana, erlojuaren aurka, bi 45 ontzako moztea zen, eta biko bakoitzeko aizkolari bakoitzak enbor bat ebaki behar zuen. 1.48 izan zen nafarren denbora, eta 1.52, gipuzkoarrena.
Hirugarren saioan, txanda librean, bi metro bueltan zituen enbor bat zutik moztu behar zuten. 7.04 izan zen Larretxearen eta Barberenaren denbora, eta 7.38, Txapartegirena eta Etxebesterena.
Laugarren proban, aizkolariek oinbiko bat moztu behar zuten txanda librean, eta hor berriro ere Nafarroako aizkolariak izan ziren nagusi. 2.59 izan zen haien denbora; eta Gipuzkoako bikoarena, berriz, 3.41. Bosgarren saioan, kana-erdiko bat zutik eta beste bat etzanda zuten. Bikote bakoitzeko aizkolariek enbor bana moztu behar zuten, eta proba horretan ere aurrekoak izan ziren onenak. 4.11 izan zen haien denbora, eta 4.38, galtzaileena. Azkeneko proban, biko bakoitzak txanda librean, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituen, eta hor ere nafarrak nagusi. 11.11 izan zen haien denbora, eta 11.49, berriz, gipuzkoarrena. Amaieran, lan guztietako denborak batuta, 27.51 izan zen Larretxea-Barberenaren denbora, eta 30.20, Txapartegi-Etxebesterena.
|