Erasoak Lekeitioko epaitegiari eta Plentziako hiru kutxazaini
Astearte gauean Lekeiton, Azpeitian eta Plentzian sabotajeak izan ziren. Lekeition epaitegia izan zen erasoen jomuga, Plentzian hiru kutxazaini eraso zioten eta Azpeitian, aldiz, EuskoTren konpainiako autobus bati. Hiru erasoetan kalte materialak izan ziren. Atzo, egun osoan, ohikoak diren gaitzespen mezuak izan ziren politikarien ahoetan.
LEKEITIO
Astearte gauean ezezagun batzuek Lekeitioko epaitegiari eta Plentziako hiru kutxazaini eraso zieten. Lehenengo erasoa Plentziako Erribera kalean jazo zen 0.00ak aldera. Bertan, BBK, BBVA eta La Caixako kutxazain automatikoen aurka molotov koktelak jaurti zituzten. Sabotajeek ez zuten inolako kalte pertsonalik eragin, baina erasotako hiru kutxazainetako bi erabat kiskalita geratu ziren. Suhiltzaileek bertaratu beharra izan zuten sortutako sua kontrolatu ahal izateko.Lekeitioko gertakariak ere gauerdian izan ziren bertako Atea kalean dagoen epaitegian. Ezezagunek epaitegiko kristalak hautsi eta molotov koktelak jaurti zituzten epaitegiaren barnealdera. Erasoaren ondorioz, epaitegiko itxaron gelako altzariak kaltetu eta belztu ziren. Sortutako sua itzaltzeko Ertzaintzak eta suhiltzaileek epaitegira bertaratu beharra izan zuten. Kale erasoen ostean, ohikoak diren gaitzespen eta kritika mezuak helarazi zituzten ordezkari politikoek. Lakuako Gobernuko Justizia sailburu Joseba Azkarragak Lekeitioko epaitegi aurrean hitz egin zuen atzo goizean. Bertan, «isiltasunean inork ezin duela halakorik babestu» nabarmendu zuen eta «irrazionaltzat» jo zuen Lekeitioko erasoa. «Kale borrokako erasoen aurrean, isilik gelditzen direnek eta bake prozesuan PPk egin zuena baino gutxiago egiteagatik harrotzen direnek gizarteari hau guztia azaldu» behar diotela adierazi zuen Joseba Azkarragak, bere aburuz, «herri oso baten itxaropenak ezin baitira zapuztu». Hala eta guztiz ere, Gasteizko Gobernuko Justizia sailburuak euskal gizarteak prozesuan aurrera egiteko exijituko duelako «uste osoa» adierazi zuen. Astelehenean bertan, Lekeitioko epaitegian konponketa lanak abiatuko dituztela jakinarazi zuen Azkarragak.
«Aliatu onenak»
PSEko Antolakuntza idazkari Rodolfo Aresek, kale borrokako erasoak gaitzesteaz gain, Batasuneko eledun Arnaldo Otegiri ekintza hauek eteteko eskatu zion. Aresek «indarkeria demokraziarekin bat ez» datorrela azaldu zuen.Rafa Larreinak, EAko Antolakuntza idazkariak, eraso hauek bide politikoak martxan jartzea ekiditen dutela adierazi zuen. Ekintza hauen atzean «prozesuak aurrera egitea nahi ez dutenen aliatu onenak» daudela esan zuen Larreinak. EAko kidearen iritziz, eraso horiek gatazka politikoak bide politikoetatik soilik konpon daitezkeela ezeztatzen dute. Larreinak «guztiei» bizi duten «geldialditik atera ahal izateko politikan aritzeko» exijitu zien. EBko eledun Mikel Aranak ere kale borrokako erasoak gaitzetsi zituen eta bake prozesuak aurrera egin dezan beharrezkoak diren ahaleginak egiteko eskatu zuen.
Azpeitiko Udalak autobusaren aurkako erasoa gaitzetsi du
Astearte gauean ezezagun batzuek Azpeitian autobus bati su eman ostean, bertako Udalak erasoa gaitzetsi du. Azpeitiko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak «horrelako ekintzek zein ekarpen politiko» egiten duten itaundu eta bide politikoekin bat ez datozela adierazi du. Batzordearen aburuz, «horrelako ekintzek beldurra eragiteaz gain, herriko bizitza asaldatzen dute, adostasun politikoa, bakea eta arazoen irtenbidea erabat eragotziz». -
|