GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria 2006-12-10
Julen Murgoitio
Morokila

Gauzak aldatzen ari dira gurean? Badira horren seinale izan daitezkeenak! Ikusi-makusi! Horra Eusko Jaurlaritza lanean izan dela beheko estatuaren Konstituzio egunean, noiz eta saltoki handiek beraiek ere ateak zabaldu ez dituzten egunean; tira, Jaurlaritzaren sail batzuk behinik behin lanean izan dira. Osakidetza, kasurako, egun horretan ez ezik handik bi egunerako Ama Birjinarenean ere, lanean! Jaiak bai, gu lanean ere bai! omen da funtzionarioen abenduko oihu isila. Beste seinale bat: herri honetan gero eta jende gehiago dago Eusko Jaurlaritzaren oposizioan. Tira, Eusko Jaurlaritzaren oposizioetan behintzat! Barakaldoko BEC hori betetzeko adina jende. Hau kolpea! oposizioa ezin BEC horretan sartu urte honen hasieran hitzezko ekitaldia burutzeko eta horra urte honen amaieran opositoreak milaka sartuak direla idatzizko ekitaldia burutzeko. Izango ote opositoreok aurkari ez direlako? Izango ote hitzezko hura euskaraz eta idatzizko hau gazteleraz zelako? Baina bada gehiago, izan ere; opositoreek hamazortzi kilometro luzeko mahaia izan omen zuten BECen ukondoek atseden har zezaten. Hamazortzi mila metro luze! Jainkoarren!, metro bikoa nahikoa izango zen hemengo gatazka konponbidean ipintzeko. Ez nau harritzen gero, mahai politikoa ez izateak, mahai guztiak BECeko opositoreentzat izanda; opositore, ez aurkari. Horrez gain, bete behar ziren plaza gehienak jagole postukoak ei ziren. Hau demontrea!, aurkarientzat mahairik ez eta gainera jagoleak Jaurlaritzak berak jarri. Hamaika ikusteko gara gero! Eta ia lau tona paper zabaldu zuten mahaian luze opositoreek ukondoak lanean jarrita bete zezaten. Ama, ama!, orri bakarra nahikoa izango zen, argi idatzita eta argiago sinatuta balego behintzat, gatazka konponbidean jartze aldera oinarrizko aldarrikapena idazteko. Zenbat baliabide xahututa ez dagoen mahai- an jagoleak jartzeko!

Eta zer esan BECera ailegatu nahian airez, lur-gainez, metroz eta itsasoz joandakoek eragin zituzten ilarez? Irudiak telebistan ikusita 55 egun Pekinen filmeko sekuentzia nagusia zela begitandu zitzaidan. Edo Habanan oraindik orain izan desfilea, komandantearen urte piloa ospatzeko. Edo Londresko izen handiko saltoki handi horren urteroko beheraldiaren irekiera ospetsua. Edo Mekako erromesen halako oldartze horietariko bat. Edo Normandiako lehorreratzea, hango jende oldea txikiagoa izan arren. Edo hemengo derby bat amaitutakoan alde biko zaleak estadiotik ateratzen. Edo, urrunera joan gabe, A-8ko goizeroko amaigabeko errenka, ohikoa baino errenkagoa. Eskerrak Lemoizek segitu duela itsas senaia izaten; senaia uranioz aberastu izan balute Jainkoak ere ez daki zer ez ote zen gertatuko Bilboko metropolialdeko errepideen amaraunean, lur-azpiko metroa barne, alarmaren batek jota. Pentsatu ere ez dut egin gura, irudiak buruko bideetan errenkan ageri zaizkit eta, bata bestearen gainetik pasatu nahian. Tira, Londres aipatu dudala, Moskuk taliosoterapiaren aldeko apustua egin du bere opositoreei kanposantuan jagole plaza emateko. Dieta sinplea da oso, talioa morokilekin. Errusiar sukaldaritza berri ofiziala omen. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Esperan concluir hoy el vaciado de combustible del arrastrero encallado
Euskal Herria
Varias generaciones, el mismo sufrimiento
Mundua
Fallecen 45 mujeres al incendiarse un hospital de rehabilitación en Moscú
Kirolak
Ronaldinho y Valdés evitan otro punto
Euskal Herria
Los médicos advierten un peligro a corto plazo para la vida de De Juana
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss