Garapen eta Hautetsien kontseiluak AHT linea berriaren alde, baina baldintzekin
AHT linea berriari buruzko eztabaida publikoa bukatzekotan dagoela-eta, Garapen eta hautetsien biltzarrak urtebetez gai horri buruz egindako gogoetaren berri eman zuen atzo. Egitasmoa aztertzen jarraitzearen alde agertu zen, baina baldintzak jarri zituen. Besteren artean, lurralde antolaketa kontuan hartzeko eskatu zuen.
BAIONA
Baldintzapeko baietza eman zuen atzoAlain Lamassoure Hautetsien Kontseiluko lehendakariak, AHT burdinbide linea berriaren egitasmoaz iritzia ematerakoan.Atzo, izan ere, Euskal Herria 2020 egitasmoaren inguruan Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak biltzar nagusia egin zuten, eta jorratu zituzten bi gai nagusien artean, Bordele eta Hendaia lotuko dituen burdinbide proiektua zegoen. Euskal Herria 2020 lurralde egitasmoan, 2005ean Garapen Kontseiluak «joan-etorri eta azpiegiturei» buruzko hausnarketa bideratzea erabaki zuen. Bestetik, joan den azaroaren 22an eztabaida publikoaz arduratzen den batzorde bereziarekin eta burdinbide sarea kudeatzen duen RFF egiturarekin bildu ziren. Hori dela-eta, joan den asteartean SMA-transprog Suitzako bi ikerkuntza kabinetek zabalduriko ikerketa gehigarriak kontuan harturik, abenduaren bukaeran bukatzear dagoen eztabaida publikoan Garapen eta Hautetsien biltzarraren iritzia helarazi nahi izan zuten. Izan ere, Alain Lamassourek burdinbide proiektua «ez zutela kondenatu» nahi aipatu zuen. Euskal Herria 2020 egitasmoa abiatu zutenetik, lurralde antolaketarako «azpiegiturak» gai nagusien artean sartu zituztela gogorarazi zuen. Hala, egun burdinbide proiektuak duen garrantzia nabarmendu zuen. Garai horretan Garapen eta Hautetsien biltzarrak hiru arlo nagusi aipatu zituen: Parisen eta Madrilen artean bidaiarien zerbitzua hobetzea, salgaien garraioa bideetatik burdinbideetara pasatzea, eta Baiona eta Donostia lotuko lituzkeen lekuko garraioa antolatzea. Bordele eta Hendaia lotu beharko lituzkeen burdinbide proiektua bertan behera utziko balute, egiturak finkaturiko hiru helburu nagusi horietarik bat baztertu beharko luketela azaldu zuen Lamassourek. Bideko salgaien garraioa burdinbidera transferitu beharra aipatu zuten, beraz, Garapen eta Hautetsien kontseiluek. Baina proiektu hori aurrera eramateko «beharrezko baldintzak» finkatu zituzten.
Lurraldea kontuan hartu Alde batetik, salgaien garraioa burdinbidera eramateko xedea «sinesgarria» izateko, egungo trenbidea berritzeko lanak lehenbailehen abiatzeko eskatu zuten. «Ezin dugu 2020ra arte itxaron salgaiak trenetara pasatzeko. Transferentzia horrek baldintzatuko du burdinbide berria eraikitzea», azaldu zuten. Bigarrenik, Suitzar ikertzaileek adierazi bezala, egungo lineak RFFk aurreratu zirkulazioa bere gain har dezakeela azaldu zuten. Horiek hala, gaurdanik, egungo trenbidea baliatu ahal izateko azpiegitura berriei buruzko ikerketa sakona egin dezatela eskatu zuten. «Aukera guztiak ikertu behar dira. Salgaietarako sortzekotan diren linea berri guztia tuneletan pasatzea, Aturri ibaiaren azpian ibiltzeko azterketa egitea, eta BAB herri elkargoan geltoki bat egitea dira aztertu behar diren azpiegitura horiek», adierazi zuten. Betiere, azpiegituretan, burdinbide berriaren eta lurraldearen arteko lotura kontuan izateko eskatu zuten azkenik. «Zerbitzua ahal bezainbat eraginkorra izateko beharrezkoak diren antolaketak egiteko ere eskatzen dugu ingurumenean eta paisaian eragina ahal bezainbat txikitzeko», adierazi zuen Alain Lamassourek.
Egitasmoa aurrera eramateko ekintza- proposamenak finkatu dituzte
A.B. BAIONA
Otsailaren 9an, Euskal Herria 2020 lurralde egitasmoaren
ekintzak abiatzeko egutegia finkatzeko Hitzarmen Bereziaren bilkura iragatekotan
da, eta egitasmoaren lehentasunezko ekintzen berri eman zuten atzo Hautetsien
eta Garapen kontseiluek. Alain Lamassourek, izan ere, proposamen horiek lau
arlotan banatu zituen: berrikuntza eta produkzioa oinarritzat hartzen dituen
garapen ekonomiko moderno bat martxan jartzea, gizarte arazoak kontuan hartzen
dituen elkartasunezko ekonomia sustatzea, energiaren erronka berriak kontuan
hartuko dituen garapen iraunkorra bultzatzea eta euskal nortasuna goraipatzen
duen label bat sortzea.
«Abenduaren bukaera aitzin eman behar genituen
proposamenak. Hala egin dugu, baina Estatua berantean dabil. Negoziazioak 2006.
urtea bukatu aurretik gelditu behar ziren. Egun ez dakigu lurralde kontratuak
hauteskundeak aitzin izenpetuak izango diren», adierazi zuen Lamassourek.
Garapen eta Hautetsien kontseiluek bideratutako
egitasmoaren proposamenak Akitania eskualdearen, Estatuaren eta Departamenduaren
arteko plano kontratuaren eta Hitzarmen Bereziaren bidez diruz lagunduak izango
dira.
Beste alde batetik, Paueko Laborantza Ganberaren
hauteskundeak ere aipatu zituzten. ELB eta FDSEA nekazaritza sindikatuek Ipar
Euskal Herriko emaitzak ezagutu ahal izateko baliabideak emateko eskatu zuten,
eta biltzar nagusian bat egin zuten eskaera horrekin.
|